Zizurkilen sortua da Joakin Arregi (1953), baina aspaldiko urteak daramatza, Hendaian (Lapurdi) bizitzen. Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile taldeko kidea da eta, bihar Maulen (Zuberoa) jokatuko duten saioaren atarian, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertso mugimenduen arteko zubiak izan ditu, besteak beste, hizpide.
Noiztik zara zu bertsozale?
Oso haur nintzela hasi nintzen bertsoaren munduan nolabait sartzen, aitonarekin. Hark erakusten zizkidan, gauez, Txirrita, Pello Errota eta Pello Mari Otañoren zenbait bertso, eta nik buruz ikasten nituen. 10-12 urte izango nituen artean, eta auzoko baserritarrek esan izan didate, eskolara bidean bertso horiek abesten joaten nintzela. Geroztik, nire gisara hasi nintzen zaletzen, beti arreta eman izan baitit bertsoak osatzeko moduak. Idazteko joera beri izan dudanez, mendian nenbilela bertsoekin pentsatzen nuen, edo gauez oheratu gabe geratzen nintzen, bertsoak idazten.
Zure gaztaroan, Zizurkilen, ba al zen giro bertsozalerik?
Bai, saioak izaten ziren, batez ere herriko jaietan. Pello Mari Otañori egindako omenaldi bat ere gogoan dut. Ni beti inguruan ibiltzen nintzen, ikusteko eta entzuteko egarriz.
Txikitatik izan duzue erreferentzia, Pello Mari Otaño?
Bai, bai. Banuen bere liburu bat, eta, irakurriz eta irakurriz, esan bezala, bere bertsoak buruz ikasten nituen, gero kantatzeko.
Eta, nola egin zenuen bat-baterako saltoa?
Inguruko herrietako jaietan, lagunekin eta tabernan hasi nintzen kantatzen. 1971n Ordizian egindako txapelketa batean ere parte hartzeko aukera izan nuen; niri eman zidaten txapela, ez dakit merezi ote nuen. Egia esan, ez nuen leku askotan kantatzeko aukerarik izan, baina lagun talde bertsozale bat banuen: Jexux Arzallus eta Andoni Zelaia ziren tartean.
Plazetan zein aritzen ziren, garaia hartan, gehien?
Murua, Mendizabal, Telleria eta Peñagarikano asko ibiltzen ziren. Nik horiekin ere kantatu izan dut noiz edo noiz.
Inoiz utzi al diozu bat-bateko bertsoak kantatzeari?
Beti jarraitu izan dut bertsoekin bueltan. Venezuelara joan behar izan nuen, eta han nire kasa aritzen nintzen, denboraren eta giroaren arabera, baina, inprobisatzen baino, idazten. Bertso sorta bat osatu nuen pixkana-pixkana, eta garai hartan Koldo Izagirre Venezuelara joan zen, eta irakurtzeko aukera izan zuen. Esan zidan, nik nahi banuen behintzat, hura argitaratzen lagunduko zidala; 2002an-edo, argitaratu zuen.
Euskal Herritik urrun hainbat urte pasa izan dituzunean, beraz, bertsoa izan da lotura hori mantentzeko modua.
Bai. Bertsoa beti ikusi izan dut, bere sinpletasunean, munduari begiratzeko dauden ikuspegi edo leihoak lantzeko aukeratzat. Eta, bide horretan, niretzat oso tresna eraginkorra izan da sentimendua eta pentsamendua orekatzeko.
Noiz itzuli zinen Venezuelatik Euskal Herrira?
2005ean, 25 urte pasa eta gero. Baina beti jaso izan dut Euskal Herriko informazioa; beti bidaltzen zizkidaten txapelketa eta saioen inguruko kontuak. Alde horretatik, zortea izan dut.
2005eko txapelketa nagusia hemen zinela jarraitu zenuen. BECen egoteko aukera izan zenuen?
Ez, ez nintzen izan, baina gertuagotik jarraitu nuen. 2001ean, dena den, handik jarraitu nuen, 05:00etan jaiki eta ETBren emankizuna ikusiz.
2005ean Hendaian jarri zinen bizitzen eta, orduz geroztik, Iparraldeko bertso mugimendua gertutik ezagutzeko aukera izan duzu.
Bai. Hemen epaile taldea txiki samarra zen eta, etorri orduko, bertan hasi nahi ote nuen galdetu zidaten. Pixkana-pixkana bertako txapelketa epaitzen hasi nintzen horrela. Uste dut azken urteotan gorakada handia izan duela eta, esan didatenez, aurten ere 300 gaztetxo ari dira, eta gero eta saio gehiago antolatzen dituzte. 2008an hasi zen Xilaba eta, batez ere, azken txapelketan, jende gaztearen presentzia nabarmenduko nuke. Iparraldean ere badator belaunaldi berria, eta egiten den lanaren ondorio da.
Hernandorena bertso sariketa ere abian da aurten. Zizurkildarra zen eta, iparraldera erbesteratuta, Mattin eta Xalbador plazaratzen lagundu zuen, besteak beste.
Bere historia irakurri izan dut, eta baita entzun ere. Aurten hamaikagarrenez ospatzen ari dira sariketa, eta lehendabiziko saioa joan den astean izan zen. Atharratzen (Zuberoa) jarraituko du gaur, eta ea txapelketa nagusiko Mauleko saioa girotzeko balio duen. Txapelketa ederra da gazteek beren aukera izan, eta beren baliabideak lantzeko eta, baita bertsozaletasuna elikatzen jarraitzeko.
Aurten, lehenengoz, Bertsolari Txapelketa Nagusian ari zara epaile. Nolatan?
Parte hartu nahi ote nuen galdetu zidaten eta, aurrera egin nuen. Aurten saiakera berezia egin du elkarteak, zazpi lurraldeen presentzia areagotu eta txapelketa osoago bat egiteko eta, hain zuzen horregatik, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabalagoa da aurten.