Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Seguran bezainbeste aritzera, Maule-Lextarrera

Ataria 2017ko azaroaren 3a

Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa jokatuko du, bihar, Beñat Iguaranek, Zuberoako hiriburuan.

Biderkatzearen gaitasuna dute sare sozialek eta, gaitasuna areagotu egiten da, erabiltzaileak maitemintzen dituzten gauzekin. Horixe gertatu zen, asteazken gauean, Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan egindako kartzelako lanarekin: munduari bira eman die bertsoek, bai, behintzat, euskal munduari. Garaipenak hurrengo faserako zubi zuzena eraiki dio Maialen Lujanbiori, baina, zubia sendotu diote eskuratutako 750 puntuak.

Gainontzekoek hurrengo finalaurrekoetara begira geratu beharko dute, eta hain justu hirugarrengoan ariko da Beñat Iguaran amasarra. Seguran kantatu, eta Tolosako saioan hurrengo faseko langa gainditzea lortu zuen. Bihar, beraz, Seguran bezainbeste aritzera igoko da Maule-Lextarreko oholtzara, eta epaileek esan dezatela.

Saio berean ariko dira Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Nerea Elustondo, eta 17:00etan hasiko da kanporaketa.

Badirudi Tolosaldeak ordezkaritza zabala izango duela oholtzatik kanpo ere, Beñat Iguaran animatzera bertaratuko baitira bertsozale asko; Harituzek autobusa ere antolatu du. Gainera, herri bazkaria izango da Maule-Lextarren bertan.

Hurrengo faseko parte-hartzaileen zerrenda datozen azaroaren 12an erabakiko da, Durangon. Ordura arte, saioez gozatzea baino ez da geratzen.

 

Irakurri hemen: Joakin Agirre Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaileari egindako elkarrizketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!