Kontraesanak gero eta ageriago geratzen ari dira Katalunian.
Iragan asteazkeneko atxiloketak trenen arteko talka izan ziren. Espero genuen, baina bortitza izan zen. Egun horietan Bartzelonara joan ginen, atxilotuei elkartasuna erakustera eta erreferenduma aurrera ateratzeko 'B' plana martxan jartzera. Zirrara handiko egunak izaten ari dira, sentimendu askokoak. Beldurra ere hor dago, baina argi dagoena, bai ala bai, bozkatu egin beharra daukagula. Bestela, txikitu egingo gaituzte.
Urriaren 1a koka dezagun azken urteetako historian.
Azken urteetan independentziaren aldeko mugimendua asko hazi da. Krisi ekonomikotik has gaitezke. Ondoren, Zapaterok bere hitza jan zueneko hura; parlamentutik irteten zen estatutua errespetatuko zuela esan zuenekoa. Artur Mas Moncloara joan eta Raxoik harrera egin ez zionekoa, itsusia izateaz gain, hor zerbait eten zen. Jarraian, 2012ko manifestazio ospetsu hark, CIU-ren barruan aldaketa ekarri zuen; independentziaren munduan sartu ziren. Geroztik, urratsez urrats, oinarria handitzen saiatu gara. Urriaren 1a, urte guzti hauetako ibilbidearen helmuga izango da.
Akordio ekonomiko batek dena alda al dezake?
Ez. 2012ko irailaren 11 hark dena aldatu zuen. Tsunami bat izan zen. Igotzen zinen edo gainetik pasatzen zitzaizun. Convergència-ren barruan gorpu politiko asko utzi ditu.
Galdeketa bai ala bai egin beharra dagoela esan duzu. Zergatik?
Bestela txikitu egingo gaituztelako. Ez dute nahi 1-0 irabazi, ez. 10 edo 12 zero irabazi nahi dute; umiliatuz irabazi nahi dute.
Atxiloketak, miaketak,... komunikabideetan ere ikusi ditugu uniformedun armatuak.
Eskubide urraketa garbia da. Lantegietan sartu dira, epaileen agindurik gabe; norbanakoen etxeetan jende bila ibili dira. Beraien delitua? Hautetsontzi batzuk jartzeko lana egitea. Hori delitua baldin bada...
Aldi berean, momentu historiko baten aurrean zaudete.
Nik ez dut berriro horrelakorik biziko. Hori ziur daukat. Irailaren 20an gertatu zenak dena aldatu du, betiko. Inoiz gertatu ez diren erreakzioak egon ziren. Eskolak, adibidez, kalera atera ziren. Ez institutuak, eskolak baizik. Ez dakit guzti hau nola amaituko den, eta hori benetan esaten dizut, baina argi dudana hemendik aurrera ezer ez dela berdina izango.
Euskal Herritik eta estatuko beste hainbat tokitatik, elkartasuna jasotzen ari zarete.
25 hiriburutan mobilizazioak izan dira. Hau ez da independentzia bai edo ez, hau oinarrizko eskubideen aldeko borroka bat bihurtu da.
Hor independentzia lortuz gero, hemen zer gertatuko litzateke zure ustez.
Niri zer gustatuko litzaidakeen esango dizut: independentzia lortu eta hurrengo minutura, EAJ guri ate joka izatea nahiko nuke, erreferenduma egiteko asmoz.