«Demokraziaren» izenean

Asier Imaz 2017ko ira. 27a, 07:20

Tolosaldean bizi diren kataluniarrek eta Herrialde Katalanetan bizi diren eskualdekoek urriaren 1eko galdeketa nola bizitzen ari diren kontatu diote 'Tolosaldeko Ataria'-ri.

Urriaren 1ean, igandean, kataluniarrak botoa ematera deituak daude; independentziari bai edo ez esateko. Aldi berean, eta igande berean, kataluniarrak botoa ez ematera deitu dituzte.

Egun seinalatua gerturatu ahala, ordea, independentzia hitza indarra galduz doa. Komunikabideetan, sare sozialetan eta kalean hitzik erabiliena ez da independentzia, «demokrazia» baizik.

Independentziaren inguruko erreferenduma deitu dutenek ere, «hau ia ez da independentzia kontu bat, demokrazia kontu bat da» diote.

Aldi berean, egun seinalatua gerturatzen doan heinean, bi multzo argi eta garbi bereizten dira. Multzo bakoitzak barnean korronte ezberdinak izanagatik, bi multzotan sailka daitezke. «Demokraziaren» izenean hitz egiten duten aurkako bi multzo dira. Igandean bozkatu egin behar da diote batzuek; besteek, aldiz, ez, ez da bozkatu behar.

Tolosaldea eta Kataluniaren arteko lotura han edo hemen bizi diren herritarrek egiten dute. Horietako batzuekin hitz egin du ATARIA-k, «demokrazia» nola kontatzen duten jakiteko.

  

HODEI ARRASTOA MENDIZABAL (ZIZURKIL)

«Izugarrizko polizia pila ikusten da; gertatzen ari dena lotsagarria da»

Zizurkildarra antzerkia ikasten ari da Bartzelonan. Lau urte daramatza bizitzen bertan. Atzo, greban dagoen unibertsitate batean izan ziren, kontzertu batzuetan. Izan ere, ikasleak greban daudela dio: «Gure antzerki eskolan gaur (atzo) hasi da. Beste batzuetan aurreko ostegunean. Giroa oso bero dago. Estatu espainiarra presio handia sartzen ari da, eta ikasleak ez daude eroso testuinguru horretan. Igandera arte, beraz, geratzea erabaki dute, egunerokotasuna utzi eta erreferendumaren inguruan indar egitera».  

Arrastoaren ikastetxean ikasle gehienak kataluniarrak dira, baina bada kanpokorik. Guztien artean, hasiera batean iritzi desberdina izan arren, azken gertaerek errealitate bat jarri dute mahaiaren gainean: «Independentziaren aldekoak ez zirenak ere baiezkoa bozkatuko dutela esaten dute. Dagoeneko ez da independentziaren auzi bat, baizik eta demokraziari buruz. Gertatzen ari dena lotsagarria da. Izugarrizko polizia pila ikusten da inguruan. Madriletik ere 40 ibilgailu iritsi dira... Zer gertatzen den ikusi beharko da, baina liatu egingo da. Oso argi dago hori», dio zizurkildarrak.

 

 

JOXE ARIAS (GAZTELU)

«Batzuk isilik daude, ez daudelako galdeketaren alde»

Kataluniar gazteluarra da Joxe Arias. Euskal Herrian erroldaturik dagoenez, bozkatzeko aukerarik ez du izango igandean. Han gertatzen dena, ordea, urduritasunez jarraitzen du: «Ea zer gertatzen den». Anaia eta lehengusuak Katalunian ditu, eta hauekin hitz egiten du gaiaz: «Batzuk isilik daude. Ez daudelako erreferendumaren alde. Ez dute egoera horretan sartu nahi. Besteek, bai, egoera hori aldatu nahi dute», dio gazteluarrak.

Igandean mobilizazio handi bat egongo dela esaten du, «nahiz eta ez gauzatu erreferenduma». Espainia eta Kataluniaren arteko harremana «puskatuta» dagoela gaineratu du, eta «jendea Espainiarekin aspertuta». Pertsonalki, soka luzea ikusten dio igandeko galdeketari: «Katalunian gertatzen denak eragina izango du Espainiako estatuan. Agian konstituzio aldaketa bat egingo dute. Ea errepublika gero eta gertuago dagoen. Aldaketak egongo direla argi dago, eta baita Euskal Herrian ere». Kezka, poliziaren indarkeriak sortzen dio Ariasi: «Jende heldua oso ziur dago eta igandean bozkatzera joango da. Polizia horien aurka hasteko gai da, eta horrek kezka sortzen dit». 

 

 

AINARA ARANBURU (ANOETA) 

«Momentu oso zirraragarria da, eta bertan bizitzea izugarria da»

Anoetarra Reusen dago medikuntza ikasten. Hirugarren urtea da aurtengoa. «Momentu oso zirraragarria da. Ez dut ezagutu inoiz horrelakorik, eta gertatzen ari dena hemen bertan jarraitzea izugarria da; oilo ipurdia jartzen zait», dio Aranburuk. Ikaslea izanik, greba deialdiari erantzun nahian dabiltza Reuseko unibertsitatean, baina ez da hain erraza anoetarraren hitzetan: «Kanpoko jende asko dago gure unibertsitatean, eta jendeak paso egiten du; ez dira mugitzen. Paso egiten ez duten beste batzuk, berriz, estatuaren jarrera justifikatzen dute, errepresioa gauza normaltzat hartuz». Horregatik guztiagatik, eta greba bultzatzen saiatu arren, ez daki euren unibertsitatean gauzak nola izango diren ondorengo egunetan. 

Txanponaren bi aldeak ari dela bizitzen dio Aranburuk, Reuseko herri mugimenduan ere parte hartzen duenez. Hor gauzak bestelakoak dira, eta «jendea topera». Guztiz bestelako jarrerak bizitzen ari da herritarrekin batera: «Elkarretaratzera joan eta benetan izugarria da. Ez dakit zer gertatuko den igandean, baina gogotsu gaude; ea zer gertatzen den». 

 

 

RAQUEL ESTEVEZ (ANOETA)

«Momentu historikoa biziko dute igandean, eta protagonista Kataluniako herria izango da»

Duela hamar urte etorri zen Euskal Herrira kataluniarra. Jaioterrian gertatzen ari dena, sutsuki jarraitzen ari da anoetarra, «batez ere azken egunetan». Komunikabideetatik, internetetik eta familia nahiz lagunek bidez biltzen du informazioa. Gertaera konplexuak direla dio, eta ez du ezkutatzen sentitzen duen urduritasuna; gerta daitekeenak kezka sortzen dio Estevezi: «Benetan eztabaidatzen ari direna ez da independentzia bai edo ez, erabakitzeko eskubidea baizik; Kataluniako herriak eskatzen duen eskubidea. Nik uste benetan horrek kezkatzen dituela». 

Raquel Estevezek Espainiako Konstituzioa ere aipatzen du: «Badakigu estatuaren eta momentu honetako gobernuaren indargunea ez dela demokrazia. Eurek aipatzen duten konstituzioa berriz, orain bizi garenon gehiengoak ez zuen bozkatu ere egin. Baina osorik jan beharra daukagu. Espainia bakarraz hitz egiten duela badakigu, baina horrexegatik da antidemokratikoa; autodeterminazio eskubiderik ez duelako onartzen». 

Igandean ez da Katalunian egongo. Ez da gogo faltagatik: «Gogo izugarria izanagatik, ni hemen bizi naiz eta hemen lan egiten dut. Ez dut igandekoa ikuspuntu pertsonal batetik begiratzen. Interesgarria egingo litzaidake han egotea, baina ikuspegi sozial batetik jarraituko dut; herri oso baten ikuspegiari begira nago, nire ikuspegi pertsonalari baino gehiago. Urriaren 1ean momentu historikoa biziko dute Katalunian; eta protagonista, herria bera izango da».

Familia eta lagunekin hitz egiten duenean, zer kontatzen dien galdetuta, errepresioaren kezka aipatzen du Estevezek: «Harrituta daude; oso. PP antidemokratikoa dela pentsatuagatik, egiten ari direnak harrituta daude zenbat polizia pilatzen ari diren ikusita. Autonomia ere bertan behera utzi dute de facto. Kezkaturik daude, noraino iritsiko ote diren galdezka. Errepresioa izugarria izaten ari da». Beldurrak eraginik izan dezakeela uste du anoetarrak: «Agian batzuk etxean geratuko dira, izan daiteke sektore batzuetan eragina izatea. Beste batzuk izugarrizko gogoarekin daude, eta bozkatzera joango dira zalantzarik gabe. Hau ez dakit gizarte osora zabaltzeko moduko irakurketa den. Nire ingurukoen kezkak baitira». 

Azken egunetako gertakariek zerbait agerian utzi dutela dio Estevezek: «Independentziaren aldekoak ez direnek ere, nire ustez argi ikusi dute PPren demokrazia hau ez dela demokrazia. Guardia Zibila Mossoen kargu egitea ere horren adibide bat da. Lehendik zerbait behar baldin bazuten kataluniarrek hau demokrazia bat ez dela ikusteko, nik uste nahikoa adibide argigarri izan dituztela». Amaitzeko eta ondorio bezala, Raquel Estevezek hausnarketa egiten du: «Minimo demokratiko batzuk egongo balira, horrelako bozketa bat inolako arazorik gabe egingo litzateke».

 

 

Joseba Landa ibartarrak Bartzelonako giroaren eta ekimenen berri eman digu Ataria irratiko Pasahitza saioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!