Zizurkil Goiko Amabirjinak 2017

Frontoia, erakustaldiaren babesleku

Ataria 2017ko abuztuaren 15a

Zizurkil goian, gaur, Ama Birjin egunez, emango diete amaiera Andra Mari jaiei. Arratsaldean, Intxaur pilotalekuan ospatu da gazteen arteko herri kirol desafioa, barruan, kanpoan baino giro hobea zegoelarik.

Berez, Lartingo zelaian ziren jokatzekoak arratsaldeko herri kirol probak. Baina, eguraldi nahasia zela eta, frontoian bilatu dute estalpea Zizurkilgo Gazte Asanbladako gazteek. Unai Mendizabal Mendi bertsolariaren esanetara, hamarreko bi taldetan banatu dira parte hartzaileak. Batzuk, morez jantzita, eta besteak, berriz, berdez. Honako proba hauek egin dituzte: Lokotx biltzea, trontzarekin egurra ebakitzea, ingudearekin hogei kolpe jotzea, sagar biltzea, eskorga gainean bi itzuli ematea eta ibilbide berari, korrika, hiru buelta ematea. Amaieran, sokatiran ere pare bat saio egin dituzte. Hemen ere, moreak nagusi.

Proba bakoitza banaka egin ostean, erreleboka aritu dira bi taldeak. Proba bakoitza bukatu orduko hasi da hurrena. Orokorrean, moreak izan dira garaile, baina hori gutxienekoa izan da. Ederki pasa dute gazteek, eta baita pilotalekura bertaratu direnek ere. Horren erakusle, amaierako txalo zaparrada. Arratsaldeko beste ekitaldi nagusiak, Añorga eta Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa, Falcons de Villafrancako (Katalunia) giza dorreen ikuskizuna, eta presoen eskubideen aldeko ardo dastaketa izan dira. Gauean, berriz, oilaskoa afaldu ondoren, Trakets taldearekin gaupasa egiteko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!