Zenbait herritako festetan, suziria lehertuz hasi baino lehen, bestelako jarduera batzuk antolatzen dituzte. Hori da zizurkildarren kasua. Zizurkil goiko jaiak abuztuaren 12an, 13:30ean, hasiko badira ere, goizean, eguzkia irtetzen hasten denerako, herritar ugari bilduko dira, oilasko bilketa abian jartzeko. Bertan parte hartzeko, gizonezkoek, blusa eta txapelarekin joan beharko dute; bestalde, baserritar jantzia soinean eraman beharko dute emakumezkoek. Eguerdian, berriz, lehen aipatutako txupina jaurtitzeko ardura, Txapel Egunean txapeldun bilakatu zen Hernandorena kultur elkarteak izango du, Iriarte jatetxeko balkoian burutuko den ekitaldian. Ondoren, goizeko oilasko biltzaileen dantzaldia izango da. Gaueko herri afariari ekin bitarte, eta baita ondoren ere, trikiti doinuak entzuteko aukera izango da, XIII. trikitixa txapelketan eta Zesuma taldearen erromerian.
Hilaren 13an, ajea leuntzeko asmoz ospatuko dute baserritarren eguna. Goizeko jubilatuen hamaiketakoaren eta herri kirolarien erakustaldiarekin hasiko dute asteko azken eguna, eta arratsaldean emango diote segida idi probekin eta haurrentzako jolasekin. Festa giroan jarraitzeko, trikitilariak entzuteko parada izango da plazan, sagardo dastaketari giroa eta musika jarriko dietelarik. Elkartasun pintxoak ere banatuko dituzte, sabela betetzeko asmoz, gaueko bertso saio nagusiaren atarian. Jaialdi horretan, izen handiko bertsolariak bilduko dira, punta-puntan dabiltzanak, Igotz Alkorta gai-jartzailearen esanetara ariko direlarik. Eguzkia desagertu orduko, Obaneuke musika taldearekin erromerian oinak astindu ahalko dituzte zizurkildarrek, goizaldera arte.
Astelehenean, berriz, umeen eguna ospatzeko garaia helduko da. Goizean, krosa, buruhandiak eta jolasak izango dituzte etxeko txikienek, bazkarian indarrak hartu baino lehen. Behin asetuta, arratsaldean, puzgarriekin nahiz pedalezko ibilgailuekin jolas egiteko aukera izango dute. Bitartean, XXVIII. mus txapelketa eta Angel Usabiaga 'Malli' herritar ohiaren omenez ospatzen den Zimiterioko XV. pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Frontoi irekian, berriz, dantzaldi gidatua izango da Ttipika taldearen eskutik. Gauean, jaietako bi kontzertu nagusien txanda izango da: Gozategi eta DJ Bull.
Ama Birjin eguna, festetako azken orduez gozatzekoa, berriz, lasaiagoa izango da. Goizean, bi aukera izango dituzte bertaratzen direnek: artzain txakur lehiaketa eta meza nagusia. Arratsalderako, herri kirol desafioa, herritarren artean jokatuko dena, Añorga eta Zizurkilgo buruhandi eta erraldoien konpartsen topaketa eta presoen eskubideen alde egingo den ardo dastaketa ospatuko dira. Azken honetan, Arabar Errioxako ardoak, eta ardo ekologiko nafarra edateko aukera izango da. Falcons de Villafrancako (Katalunia) herritarren giza dorren ikuskizun paregabea ikusi ahalko da, gorputza itxuraldatu aurretik.
Erabaki librea
Zizurkildarrek, azken egunera arte itxaron beharko dute beraien itxura aldatu ahal izateko. Inongo mugarik gabe egin ahalko dute, gai librean jardungo direlako. Azken urteetan geroz eta indar handiagoa duen Mozorro Gaua ospatuko dute, asteartean. Nahi duten mozorroa eramateaz aparte, irabazle izateko aukera ere izango dute batzuk, jantzi originalenek sari bikainak izango dituztelako. Pare bat afari oparituko dituzte bakarka nahiz taldeka itxura onenak aurkezten dituztenen artean: bi lagunentzako otordua eta hamar lagunentzakoa, hurrenez hurren.
Hori gutxi ez eta, Mozorro Gauari jarraipena emateko, oilasko afaria egingo dute 21:00etan. Bertara joan ahal izateko, txartelak salgai daude hilaren 13ra bitarte. Ondoren, festei amaiera emango dien Trakets taldearen erromerian, itxuraz aldatutako gorputzak bale esan arte, oinak eta eskuak astindu ahal izango dituzte zizurkildarrek, herritarren aurrean eta goizaldeko ordu txikiak bitarte.
Ikusi hemen egitaraua.