ataria.eus

«Gauza handiak egiteko gai garela eta talentu handia dagoela erakutsi genuen duela bi urte»

  kultura  Zizurkil

Antzerkian aritua eta aditua da Iraitz Lizarraga (Zizurkil, 1979). Duela bi urteko herri antzerkia zuzendu zuen eta aurten ere animatu da herritarrek egin dioten eskaria betetzeko. Erdi Aroko festan gauzatuko den antzerkia gidatuko du.

Zein iturrietara jo duzu herri antzerkiaren gidoia egiteko?

Maiatza Saltsanen gaia Erdi Aroa izango zela erabaki zenean Teodoro Hernandorena elkartekoekin jarri nintzen harremanetan, aro horren inguruko informazio gehiago jasotzeko. Ideia bat baneukan, nik Historia ikasi bainuen, baina zehazki garai hartan Zizurkilen zer zegoen jakiteko elkartekoekin bildu nintzen. Hernandorenakoek datu bat eman zidaten: nonbait Donemeliagako markesa Donostiako Okendotar batekin ezkondu zen. Horri eutsi diot, punta atera eta gauzak gehitu dizkiot.

Ezkontza aurreko aurkezpen ofiziala egingo duzue.

Herriaren aurrean egingo da aurkezpena eta herriaren giltza entregatuko zaie okendotarrei. Egin zitzaien harrera hori da bihar irudikatuko duguna.

Zenbat pertsonaiak hartuko dute parte?

Hogei bat lagunek hartuko dute parte gidoi eta guzti. Gero nekazariak egongo dira, estra bezala parte hartuko dutenak eta han egongo den herriko jendeari eskatzen diogu garai hartan bezala janztea eta garai hura irudikatzen laguntzea. Azkenean helburua, plazan gertatuko den hori interaktiboa izatea da.

Eszena diferenteak egongo dira?

Goizeko 11:00etan hasi eta 14:00etan bukatuko dugu eta bitan zatitu dugu antzerkia. Deskantsuaren aurretik, Okendotarrak etorri aurreko egoera irudikatuko dugu eta artisau postuetatik paseoak egin eta esketx modukoak emango ditugu. Deskantsu ostean, Ipuinetik antzerkira tailerreko umeek hartuko dute parte eta hori bukatuta okendotarrak zaldiz etorriko dira, postu batean esketx bat egin eta matxinada lehertuko da amaieran, herriaren botere hartzea, alegia.

Sorginak ere ageri dira. Nolaz?

Goizean zehar gertatzen diren gora behera guztiak tarteko, Teresitari, Donemiliagako markesen alabari, zorabioak emango dio eta hari laguntza emateko bi sorgin agertuko dira, urgentziazko medikuak balira bezala.

Zenbateraino mantendu duzue antzerkian zuhurtasun historikoa?

Zizurkilen bereizgarri gutxi zegoen garai hartan. Horregatik antzerkiak ematen dituen lizentziak baliatu ditugu beste elementuak sartzeko. Sorginen ehiza, adibidez, XVIII. mendeko kontua da, baina pentsatzekoa da Erdi Aroan ere egongo zirela sorgin edo sendalariak. Guk horiek txertatu ditugu antzerkian, beste hainbat gauzarekin batera. Umore puntua ere sartu nahi izan dugu. Ez gaude Erdi Aroan, Erdi Aroari buruzko antzerki bat da.

'Ipuinetik antzerkira' tailerreko irakasle zara eta zure ikasleak ere ariko dira bihar, ezta?

Antzerkia, antzerkiaren barruan izango da. Erdi Aro bukaeran Italian, izurrite beltzetik ihesi, gazte batzuk elkartu eta Florentzian errefuxiatu ziren. Aspertu egiten zirenez, ipuinak kontatzen zizkioten elkarri. Giovanni Boccaccioren Decameron obrak kontatzen du hori. Nik liburuaren trama hartu dut oinarri bezala eta moldatu egin dut. Kasu honetan kontatuko dugun ipuina Patxi errementaria izango da. Collage moduko bat izango da. Momentu hori ezberdina izango da estilo aldetik, jantziak ere kartoizkoak eta sokarekin egindakoak izango dira. Egun horretan egingo denetik apartekoa izango da.

Poliziak ere badituzue.

Nik ez dakit garai hartan poliziarik ba ote zegoen, baina seguru nago, ordena mantentzeko soldaduak-edo bazeudela. Hori da hartu dugun beste lizentzietako bat eta hor Monty Pythonen Los caballeros de la mesa cuadrada filmari keinu bat egingo diogu, koko oskolak baliatuz azalduko dira eta nekazari bat eramango dute atxilo.

Entsegu asko behar izan al dituzue?

Jende asko gara eta denak biltzea oso zaila da. Hiruzpalau entsegu orokor egin ditugu eta gainerakoan, taldeka edo familiaka bildu gara. Era horretan, maizago biltzeko aukera izan dugu. Hala ere, parte hartuko dutenak ez dira aktore profesionalak herritarrak baizik. Antzerkia planteatuta dagoen moduan gauza asko momentuan bertan erabakiko dira. Esketx solteak dira, ez dago eszenatoki zehatz bat eta hortaz moldagarria izango da.

Taula bat izango da, hala ere.

Bai, liburutegi parean jarriko da eta han ekintza gehienak zentratuko dira. Baina gero mugitu egingo da antzerkia. Aurkezle gisa, pregoilari bat egongo da eta dena oholtza gainetik esango du. Eszenatoki natural gisa, plazak ematen dituen aukerak ere baliatuko ditugu.

Zenbat denbora behar izan dugu gidoia osatzen?

Ez dakit esaten. Pixkanaka osatzen joan da. Esan zidatenetik, nire burua lanean hasi zen ia automatikoki, eta gauzak apuntatzen joan nintzen. Erreferentzia asko erabili ditut. Hasiera batean mugatuagoa nengoen, zuhurtasun historiko hori bueltaka nerabilen eta ez nion neure buruari libre utzi. Une batean pentsatu nuen, «garrantzitsuena egun horretan ondo pasatzea da»; une horretan, neure buruari irekitzeko baimena eman nionean, errazagoa izan zen guztia.

Oso ezberdina izan al da duela bi urteko herri antzerkiarekin alderatuta?

Gidoi hau osatzea gehiago kosta zait. Orduko hartan bertsolariak, dantzariak eta parte hartzaile bakoitzak zer egin behar zuen zehaztuagoa zegoen. Garai ezagunagoak ziren guretzako, dokumentatutakoak eta sekuentzia historiko bati jarraituz gero, asko kosta gabe gidoi moduko bat ateratzen zitzaizun. Hemen berriz, goiz osoa bete beharra dago ia ezerezetik abiatuta.

Musikak ere lagunduko al du biharko festa girotzen?

Loatzo musika eskolakoak ariko dira. Erdi Aroko instrumentuak zeintzuk diren aztertzen aritu gara. Pertsonaien sarrera eta giltzen entregak bezalako momentuak indartzeko tronpeta soinuak sartuko ditugu. Hala ere, hor ere ez dugu zorrotzegiak izan nahi. Garai hartan ez omen zegoen eskusoinurik eta hemen Euskal Herrian trikitia kentzen baduzu badirudi festarik ez dagoela. Une batean, bals bat dantzatuko da eta hor eskusoinua erabiliko dugu.

Duela bi urteko antzerki horrek utzi al du arrastoa herrian?

Nik uste herri honetan ez zegoela federik horrela zerbait egin zitekeenik. Herri antzerki horrekin erakutsi genuen baietz, gauza handiak egiteko gai ginela eta talentu handia dagoela herrian. Lan eginez gauzak aurrera ateratzen dira. Gogo eta ilusio hori mantendu dira herrian.

Zertan ariko zara zu bihar?

Ni ero moduan ibiliko naiz. Bi pertsona ariko dira erregidore lanetan, sarrerak eta irteerak emanez. Musikako arduradun bat ere izango da.

Zein balio ematen diozu antzerkia prestatzeko prozesuari?

Nik balio handia ematen diot. Prozesua da inportantea. Aurreko herri antzerkitik ere hori geratu zitzaidan gogoan, nire momentu on eta txar guztiekin. Azken batean urte erdia baino gehiago ematen dugu elkarrekin harremanetan, batengandik hau jaso eta besteari hura eskatuz. Azken batean, herri giroa sortzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa