ataria.eus

Erdi Aroa Zizurkilen

  kultura  Zizurkil

Bihar, 1350. urteko maiatzaren 20a izango da Zizurkilen. Urte asko dira  Maiatza Saltsan egitaraua prestatzen dutela herrian eta saiatzen dira urtero gai jakin baten inguruko ekitaldiak prestatzen. Hausnarrean hasi ziren udal ordezkariak irailean, herritarrekin batera kultura batzordean bildu zirenean eta gai posiblea mahaigainean Hernandorena kultur elkarteak jarri zuen.

Joxin Azkue kideak aipatzen duenez, «guk elkartean aspalditik genuen gogoa Atxulondoko burdinolaren inguruan zerbait egiteko. Proposamena luzatu eta handitzen eta handitzen joan da kontua. Ola martxan zegoen garaian girotutako azoka batekin hasi, herri antzerkiarekin jarraitu eta konturatzeko izugarrizko dimentsioa hartu du festak». Herriola deitu diote.
«Ondo pentsatutako izena da», Julian Arrastoa Hernandorenako kidearen ustez, biharko festak herrigintzarako «faktoria» izan eta herri giroa sustatu nahi baitu. «Geure artean egin nahi dugu guztia, kanpotik ezer ekarri gabe, geure trebeziak baliatuta».
Funtsezkoa ez da izango ikuskizun polita egitea, herritarrak egitea baizik. Bidean jarri dute arreta antolatzaileek: elkar hitz egitean, proiektua elkarrekin eraikitzen joatean, negoziazio horretan, kontsentsuan eta lehenengo ideia hori hamar mila detailetan nola gauzatzen den ikustean. «Guk Teodoro Hernandorenakoek ideia jartzen dugu, baina herrian jende ahaltsua dago, gai dena ideia hori hartu eta garatzeko, aberasteko eta gauza diferenteak eransteko. Askotan ideiak inporta du gutxiena, guk egiten dugu lanik errazena», esan du Azkuek.
Bidea egiteak duen garrantzia azpimarratu du, baita ere, Arrastoak: «Guztion artean egiten ari garen zerbait dela sentitzea, hori ikaragarria da. Egunak berak baino gehiago balio du horrek». Eguna, bihar izango da baina lehen ekitaldia hilaren hasieran egin zuten Atxulondoko burdinola ikustera joateko txangoa antolatuta.

Duela bi urteko antzerkia
2015ean, eskualdeko beste hainbat herrik bezala, Zizurkilek bere burujabetzaren 400. urteurrena ospatu zuen. Data hori garrantzitsua zela eta zabaldu beharra zegoela iritzita, planteamendu xumea zena Bazen behin herri txiki bat herri antzerkian gauzatu zen azkenean, non Zizurkilgo eragile eta herritar askok parte hartu zuten. Azkueren ustez duela bi urtekoa «sorpresa bat» izan zen bai barrutik eta bai kanpotik ikusi zutenentzako, «espero ez genuen jendeak ere zoriondu gintuen». Arrastoaren iritziz ere, «barrutik igual ez zaigu hainbestekoa iruditzen, baina kontziente gara kanpotik begiratuta ikuspegia bestelakoa izan daitekeela eta herri honetan zenbait gauza egiteko kapazitatea dagoela pentsatzea».
Oihartzuna utzi zuen 2015eko ekimenak eta herritarrak «egarriz» geratu zirela uste dute Herriola batzordeko kideak. Duela bi urteko antzerkian parte hartu zuen Jabier Oiarzabalek eta aurten ere errepikatuko du. «Ez gara profesionalak eta ez du zertan denak perfektu atera behar. Behin emanaldia bukatuta barre egiteko motiboa ere eman beharra dago», dio umorez zizurkildarrak. Aurten ere apaizarena egiten jardungo du.
Baina zeregin gehiago ere izango ditu bihar Oiarzabalek: Erdi Aroko lanbideen azokarako postuak prestatu eta dekoratuko ditu eta goizez postu horietako batean, Beldarrain Zaharrekoan, odolkigile ariko da. «Lanak ondo banatuta dauzkagu», esan du Azkuek, «ardurak banatzen ditugu eta bakoitza libre uzten dugu bere eginkizunean, era horretara norbera dagokion eremuan zentratzen da. Konfiantza osoa dugu bakoitzak duen onena emango duela».


Askotariko talde antolatzailea
Zazpi hilabetetako prozesu luzea izan da Erdi Aroko festa diseinatzearena. Astelehenero egin ditu Herriola batzordeak bilerak, prestaketa lanak komunean jartzeko. Arrastoaren ustetan, «zailagoa» da horrelako prozesu luzeetara jendea biltzea, «baina gauza jakinetan laguntzeko beti dago norbait prest». Elkar aspalditik ezagutzen dute eta badakite norengana jo laguntza eske. 30 eta 40 urte arteko jende multzo bat badago aktibatuta herrian eta haiek hartu dute ardura nagusia. «Gazteagoek beste gauza batzuk izaten dituzte buruan, eta ez dituzte gai hauek beraienak bezala hartzen», dio Arrastoak.
Dena dela Zizurkilen «errespetuz» hartzen den ekimena dela dio Azkuek eta herritarrak aurtengorako zer prestatu den jakiteko irrikaz daudela uste du. Eguraldiak laguntzen badu gauzak ondo aterako direlakoan dago. «Duela bi urte oso maila altua jarri genuen eta kostako zaigu hori berdintzen», esan du barrez Arrastoak.
Herriola antolatzeko batzordean bildu dira herritarrak azken hilabeteetan eta talde horrek jarraipena izango ote duen galdetuta, solaskideek ez dute erantzuten jakin: «Aurtengoa bukatutakoan berriz bilduko gara eta balorazioa egingo dugu. Beharbada eskarmentua hartu eta erabakiko dugu sekula gehiago ez garela horrelako zalapartetan sartuko. Edo beharbada sortuko zaigu hemendik bizpahiru urtetara beste zerbait egiteko harra».


Egun osoko festa bihar
Atxulondoko burdinolari buruzko zerbait egiteko asmoa, biharko festa egunean gauzatuko da azkenean. Olaren hauspoaren erreplika Joxe Arregi plazan dela, Erdi Aroko lanbideen 13 postu jarriko dituzte bertan. Haria, herri antzerkiak eramango du: Donemiliagako markesen alaba eta Okendotarren semearen arteko ezkontzaren aurreko festa irudikatuko dute.
Bien bitartean, Erdi Aroko joko eta jolasak egingo dituzte umeek eta eguerdian herri bazkarian 200 lagun bilduko dira. Garai hartako menua eta garai hartako sukaldeko ontziak erabiliko dituzte. Arratsaldean festa giroa nagusituko da eta batzuk futbol zelaian bote luzean ariko diren bitartean, beste batzuk plazan, erromerian dantzatuko dute. Dekorazioak eta jantziek girotuko dute festa Erdi Aroan, baina egin, bihar egingo dute jaia Zizurkilen.

 

Etxe guztietara 'Atxulondo eta burdinolak' argitalpena banatuko da


Aurtengo Maiatza Saltsan Atxulondo burdinolari eskainiko zitzaiola erabaki ondoren, Hernandorena kultur elkarteak etxe guztietara banatzeko argitalpen bat publikatzeko konpromisoa hartu zuen. Atxulondo eta burdinolak da emaitza, ia 40 orriko liburuxka.

Lanarekin «argi izpi bat» piztu nahi izan du elkarteak eta ez doktoretza-tesi bat egin: «Gehiago sakondu nahiko lukeenak amaieran aurkituko ditu horretarako iturri eta bideak». Datu gutxi topatu dituzte XV. mendetik XVI. mendera martxan egon zen burdinolaz. «Herri ondarea zenez, alokairuan zeinek hartzen zuen jasota dago dokumentuetan, baina zerrenda hori ez da berez oso interesgarria», esan du Azkuek.

Beraz, «tranpa» txiki bat egin eta Erdi Aroan martxan egon ziren burdinola hauen tipologia jaso dute argitalpenean: nola funtzionatzen zuten, nola eraikitzen ziren, zein parte zituen... Horretarako, irudi grafikoak baliatu dituzte eta Aian dagoen Agorregiko burdinolan hartutako irudiak jaso dituzte.

Ondoren Atxulondori buruzko hainbat hipotesi bota dituzte, «hamaika galdera datozkigu gogora; erantzunak ordea, urri». Hala ere, herriko historiari buruzko jakin-mina duenak atseginez irakurriko du liburua.

Atxulondo orain arte ahaztuta geratu den zokoa da eta asko dira bertaraino ailegatu ez diren herritarrak. «Mundu magikoa da, ordea. Basatia, hostotzak eragiten dituen argi-itzalek misterio kutsua ematen diotena». Hantxe diraute zutik Atxulondo burdinolaren arrastoak.

 

BERTAKOEK BERTAKOENTZAT

EGITARAUA

11:00 - 14:00. Joxe Arregi plazan:

- Erdi Aroko lanbideen azoka.

- Herri antzerkia, dantza, musika.

- Haurrentzako Erdi Aroko jolasak.

14:00. Herri bazkaria.

Bazkalostean.

- Bote luzea, Danena futbol zelaian.

- Dantzaldi gidatua eta erromeria Joxe Arregi plazan.


13 POSTU JOXE ARREGI PLAZAN

Pagamuñoko xexteroa.

Garaditxoko tresnak.

Pagasusko zapataria.

Arritxipiko hargina.

Adunibarko zurgina.

Beldarrain Zaharreko odolkigileak.

Akezko errotako okinak.

Atxulondoko ola.

Azken Portuko ukendugileak.

Saratxoetako izkribauak.

Andrezketako perratzailea.

Uliazpiko lorategia.

Ugarteberriko barazkiak.


200 PERTSONA BAZKALTZEN

Joxe Arregi plazan, goizeko ekitaldiak bukatuta mahaiak jarri eta bertan egingo dute Erdi Aroko bazkaria. Baratzuri zopa, oilasko errea eta mamia izango dira bazkaltzeko. Buztinezko plateretan eta egurrezko ontzietan jan eta edango dute.

 

KANTUA

Ah...! Hamaikatxu negar

Ah...! Gau egin orduko

Ah...! Gau egin orduko

Ah...! Hamaikatxu negar

ezpatak gorantza

irrintzi baten zai

jauntxoen menpean

ezteu bizi nahi

izerdi gorriz bustia

Atxulondo burdinola

Ah...! Olagizon ta andre

Ah...» Zizurkilgo plazan

lege zahar baten

azken arnasa

lege berriaz

eragin hauspoa

Izerdi gorriz bustia

Atxulondo burdinola

Izerdi gorriz jantzita

Gure herriko altxorra

Ah...! Atxulondon piztu

dugun matxinada

mendirik mendi

ibairik ibai

guztiok oihu:

libre izan nahi!

Izerdi gorriz bustia

Atxulondo burdinola

Ezpatak gorantza

Irrintzi baten zai

kateak eskuan

libre izan nahi

Lege zahar baten

azken arnasa

lege berri baten

lehen pausoa

Izerdi gorriz bustia

Atxulondo burdinola

Izerdi gorriz jantzita

Herria aurrera doa!

(Exkixu taldearen Amaiur kantuaren moldaketa)

 

Erdi Aroko joko eta jolasak

Jolas eta jokoek lau funtzio nagusi dituzte: Jendarte jakin batean, subjektu eta estamentu bakoitzaren funtzioari egonkortasuna ematea, eginkizun ludiko-soziala esaten zaiona; Jolasek, ordea, badute zeregin hezitzailea; eta baita kulturala ere, jolasen bitartez transmititzen baitira balore eta ohiturak; Bukatzeko, gaitasun fisiko eta mentala lantzeko jarduera erakargarria da jolasa, eta badu beraz, funtzio osasuntsua.

Mikel Egibar zizurkildarraren ustez, lau funtzio hauek «unibertsal eta atenporalak dira». Joko eta jolas guztiek dute, aldi berean, harreman jakin bat espazio eta inguruko objektuekiko eta beti ahalbidetzen dute pertsonen arteko eta denborarekiko harreman konkretu bat. Eta hori bai, gizaldietan zehar aldatu egiten da. «Aisialdia kapitalismoaren eredutik datorkigun errealitatea da. Kapitalari denboraren zati bat saldu egiten diogu ordainsari baten truke eta hortik kanpora soberan gelditzen den denbora, norberaren beharretarako erabiltzen da», dio Egibarrek. Erdi Aroan, beraz, denboraren kudeaketa ez zen «bipolarra», eta hortaz, lana eta jolasa nahastu egiten ziren une berean. «Ez da kasualitatea, gaur egungo herri kirolak eremu profesional horretatik etortzea».

Elizak garai hartan zuen pisua handia zen, eta XIV. mendean, esate baterako, Carlos V-ak jolas eta joko jakin batzuk debekatu eta gerraren trebeziarekin lotura zutenak bakarrik onartu zituen.

Zizurkilen Erdi Aroko jokoak

Maiatzaren 20an herrian Erdi Aroko festa egitekoa zela jakin zutenean, Egibar buru zela, Zizurkilgo hiru ikastetxeetako (Zubimusu ikastola, Pedro Mari Otaño eskola eta San Millan eskola txikia) gorputz hezkuntzako irakasleak eta herrian begirale ikastaroa egiten ari diren ikasleak elkarrekin hasi ziren «ikerketa xume» bat egiten, Erdi Aroko jolas eta jokoak nolakoak ziren jakiteko. «Hiru zatitan banatu nahi dugu gure proposamena eta plazari Bruegelen koadroaren itxura eman nahi diogu», esan du Egibarrek.

Goizeko 11:00etatik aurrera, gerra jokoak irudikatuko dituzte, hasteko. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzako planteatu dute jokoa eta San Millan eskolako pedagogia ildoa jarraituz, adin guztietako umeak nahastuan ibiliko dira. Bi gune edo gotorleku eraikiko dituzte eta ikurraren bila jardun beharko dute elkarrekin borrokalariek eta zaindariek.

Bestalde, jokoek eta jolasek duten psikomotrizitatea lantzeko funtzioari kasu eginez, bost txoko prestatuko dituzte trebetasunak jorratzeko: jaurtiketa, kooperazioa, oreka, malabarrak eta borrokak.

Bote luzea arratsaldean

Zaila da modu dokumentatu batean erantzutea, baina Egibarren ustez espekulazioak egin daitezke bote luzea, pilota jokoaren inguruan: «Esku ahurraren jokoa edo jeux de paume deritzon jokoa, aurretik gune naturaletan egiten zen, mendian, pilota soroetan. Jokoa urbanizatzerakoan, herriko egiturak erabiltzen hasi ziren pilotari muga jartzeko. Hipotesi bat egin dezakegu eta pentsatu, behin pareta erabiltzen hasita, jokalariak aurrez aurre jokatu beharrean denak paretari begira jarri zirela eta hor duela sorburua gaur egungo esku pilota jokoak».

Kontuak kontu, Euskal Herrian bezala, beste hainbat herrialdeetan iraun du mendez mende bote luzeak. Bihar, erakustaldia egiteko asmoa dute bazkalostean Danena futbol zelaian. «Aurrena umeei joko honen arauak azalduko dizkiegu, ez baitira batere errazak, eta ondoren bote luzean jokatzeko aukera izango dugu». Egibarrek parte hartzera animatu ditu zizurkildarrak.

GERRA JOKOAK

11:00. Joxe Arregi plazan: gerrako jokoak irudikatu dituzte.

TREBETASUN TXOKOAK

11:00. Joxe Arregi plazan: bost gunetan jaurtiketa, kooperazioa, oreka, malabarrak eta borrokak landu ahal izango dira.

BOTE LUZEA

17:00. Danena futbol zelaian:

- Erakustaldia umeentzat.

- Partidak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa