«Bai formaz eta bai bikote bezala punturik onenean gaude»

Asier Imaz 2017ko mar. 3a, 08:05

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa igandean jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan; hiru bikote ariko dira lehian, tartean, Otaegi-Arria V.a.

Atutxa eta Mugertza dira faborito nagusiak, azken hiru urteetako txapeldunak. Vicente-Saralegi esperantza. Hauek irabazten baldin badute, inor gutxi harrituko litzateke; gaur ez bada, bihar iritsiko baita egun hori. Azkenik, Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a daude. Gutxik begiratzen die zizurkildarrari eta errezildarrari. Baina bikote bezala, agian orekatuenak eurak dira. Beraz, kontuz.

Ezohiko lanak dakartza berarekin txapelketa honek?

Lan hauek txapelketa honetan bakarrik egiten ditugu. Udan herriz herri lan motzak egiten ditugu, baina binaka hau bakarrik dago.

Finalera iritsi zarete behintzat.

Euskal Herriko Txapelketatik iritsi ginen honetara. Lanak oso desberdinak dira. Txapelketak aurrera egin ahala, punttua hartzen joan garela uste dut, eta orain oso gustura bilatzen gara.

Behetik gora egin duzuela agerikoa da. 

Euskal Herrikoa bukatzen denean denboraldi amaiera moduko bat izaten da. Nire ustez gehienok atseden moduko bat hartzen dugu urte bukaera horretan, Gabonak direla eta. Parentesi txiki bat izaten da. Txapelketa hau kolpetik bezala etortzen da, ondoren. 40-45 minutuko lana egitetik esprint moduko batera pasatzen gara. Hasieran kosta egiten da, baina ia hilabete goaz, eta gorputza jartzen joaten da.

Onenean iritsi zarete, beraz. 

Bai. Zalantzarik gabe. Gero bikotea dago, elkar ezagutza hori; elkarri bakoitzak gehien non laguntze hori. Denborarekin pixka bat egokitzen joan gara. Une honetan, bai formaz eta baita bikote bezala, punturik onenean gaudela uste dut.

Zer moduz moldatzen zara Xabier Orbegozorekin?

Udan txapelketaren bat elkarrekin egin genuen, lan ona eginaz. Lan luze horretan ni azaletik eta bera barrutik ondo moldatzen gara. Baina horretaz aparte lan asko egiten da txapelketa honetan. Gure puntu indartsua azkeneko lan hori dela uste dut, txanda librekoa. Aurreneko beste lan horietan geneuzkan gabeziak ere hobetzen joan garela uste dut.  

Orain arteko lehiak eta kanporaketak ikusita, aurreko lan horietan egon da gakoa. Horko errentak erabaki izan ohi du lehia.

Aurreko kanporaketa horietan lan luzea 10-11 minutukoa zen, baina finalean bi oinbiko gehiago jarri dizkiote. Horrek lana asko luzatzea ekarriko du, beti ere egurraren arabera. Aurreneko ariketa horietan ere lana gehitu egin dute, baina nik uste, hasierako horietan galtzen diguna ondoren berreskuratzeko aukera gehiago izango dugula. 

Egurra aipatu duzu. Txapelketa honetan gorabehera handiak izaten dira egurrarekin.

Azkenean dagoen egurra dago. Aurreko kanporaketetan zikin xamarra tokatu da. Segundoen arabera erabakitzen direnean kontuak, adar begi batek kalte handia egin lezake. Finalerako kapritxo pixka batekin ariko zirela espero dut. Adar begi batek finala erabakitzea ez litzateke polita izango.

Egurrak bat edo bestea izan, nahiko barneraturik duzuela uste dut. 

Ez da erraza egurrak aukeratzea, eta urte guztian zehar saio asko izaten dira. Bistan behintzat ez dadila adar begirik egon. Gero barruan ateratzen baldin bazaio, onartu beharra dago, gure ofizioa hori delako.

Finalistei begiratuta, ez da ezustekorik ikusten. 

Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa azken hiru urteetako txapeldunak dira. Ia bikote egina da. Elkar ondo ezagutzen dira, eta hauen maila ikusia daukagu: altua. Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak direnez, saio bat baino gehiago eginak izango dituzte elkarrekin. Gero Vicentek ikaragarri egiten du, bai banaka eta baita binaka ere. Saralegik, berriz, egiten duen guztia xuxen egiten du. Bikote oso ona egiten dute, proba guztietan gainera. Gu gogotsu goaz, eta nik badaukat esperantza. 

Itzalean bezala zoaztela dirudi. 

Hauetatik ez naiz oso aparte ikusten. Iraetan Atutxa eta Mugertzaren kontra jokatu genuen, aurreneko saioan. Proba batean 40 segundo joan zitzaizkigun eta hor erabaki zen lehia. Baina beste guztietan segundo bat edo biren tartean ibili ginen. Ordutik ona hobera egin dugula uste dut. Faboritoak eurak dira, lan horietan eskarmentu handia dutelako. Baina ez zait iruditzen beste edozein bikotek irabaztea ezustekoa izango litzatekeenik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!