Amaitu da VI. Zizurkilgo Pilota Txapelketa

Irati Saizar Artola 2016ko abe. 18a, 18:15

Gaur goizean jokatu dira VI. Zizurkilgo Pilota Txapelketako finalak, Intxaur frontoian. Ohi bezala, Ziotza Pilota Elkarteak antolatu du eta benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako finalak ez ezik, emakumeen arteko pala partida bat ikusi ahal izan da. Eskualdean gelditu dira benjamin eta kadete mailako txapelak. Jokin Altuna eta Jon Erasunek banatu dituzte sariak.

Benjaminetan, eskuadeko bi bikote izan dira: Gorostiaga-Murua altzotarrak eta Meulman-Iparragirre villabonar-adunarrak. Bigarrenok irabazi dute 16 era 13. Oso partida polita izan da. Hasieran abantaila handia hartu dute gero irabazle izan direnek; gero estutu egin da partida, 14-13, baina beraiek iritsi dira hamaseira. Murua eta Iparragirre nabarmendu dira.

Alebinetan erraz irabazi diete Goikoetxea (Errenteria) eta Gartziak (Lazkao), 16-8, Etxeberria (Goizueta) eta Landa de Marcosi (Oiartzun).

Infantiletan ere, partida erraz menderatu dute Sein eta Aburuza oiartzuarrek. Izugarrizko bikotea, indar eta talentu handikoa osatzen dute, aurkari gutxi dute kategorian, eta 18-4 irabazi diete Uitzi-Oiartzabal hernaniar saiatuei.

Kadeteetan, ordea, partida borrokatua eta bikaina ikusi da. Aurrera-Tolosako bi pilotari, Altuna-Etxeberria, aritu dira Oskoz eta Agirre nafarren aurka. Hotz antzean hasi dira nafarrak eta abantaila hartu dute hasieran bertakoek. Baina partida erdirako gauzak berdindu egin dira eta aurre hartu dute nafarrek. Aurrera-Tolosakoek ez dute amore eman eta zein baino zein aritu dira azkenera arte: 17na, 18na, 19na, 20na eta, azkenean, 22 eta 20 irabazi dute Aitor Altuna tolosarrak eta Mikel Etxenberria albizturtarrak. Lauak ondo, baina albizturtarraren lana eta jokoa nabarmendu behar dira.

Bukatzeko paleta pilota partida borrokatua eskaini digute Osa-Gelbentzu zizurkildarrek eta Algorta-Gorostegi hernaniarrek. Bigarrenok irabazi dute 22 eta 19.

Ikusle dezente hurbildu da pilotalekura. Sariak Jokin Altuna eta Jon Erasunen eskutik jasotzeak, sariak berak adinako estimazioa izan du eta bikain erantzun diete pilotari gazteen argazkiak ateratzeko  eskakizunei. Amaiera polita. Zorionak antolatzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!