Zizurkilgo pilota txapelketaren finalak, igandean

Ataria 2016ko abenduaren 16a

Zizurkilgo VI. Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira igandean, 09:30etik aurrera, Zizurkilgo kirol asteburuan barnean. Txapelketa Ziotza Pilota Eskolak antolatzen du eta urriaren 23an hasi ziren jokatzen sailkapenak. Guztira hamar jardunaldi jokatu dira, 62 partida.

Ehun eta hogeita hamalau pilotari kimu eta gazte aritu dira beren talentua frogatzen Zizurkilgo frontoian txapelketa hasi zenez gero; urriaren 23tik hona igande eta jai egun guztietan izan da pilota festa Zizurkilen.

Benjaminetan, 20 bikotek hartu dute parte, alebinetan 17k, eta infantiletan nahiz kadeteetan 15na bikote aritu dira. Igande honetan, txapelketako lau final eta emakumeen arteko pala partida bat ikusi ahal izango dira. Benjaminen finala Gorostiaga-Murua altzotarrek eta Meulman-Iparragirre adunarrek jokatuko dute; alebinen artekoa, Goikoetxea-Gartziak eta Etxeberria-Apezetxeak; infantiletan, Sein-Aburuza eta Uitzi-Oiartzabal ariko dira;  eta kadeteetan, Oscoz-Agirre nafarrek Altuna-Etxeberria biko tolosarra izango dute aurrez aurre. Finalen ondoren, Osa-Gelbentzu zizurkildarren eta Alkorta-Gorostegi hernaniarrek frogatuko dituzte beren abilidadeak.

Txapelketari dagokionez, sailkapen partidetan ikusitakoagatik, final estuak eta maila onekoak espero dira.

Partidak amaituta, sari banaketen txanda izango da eta zeregin horretarako gonbidatu dituzte Jon Erasun herritarra eta Jokin Altuna amezketarra. Gustura onartu dute gonbidapena bi pilotari hauek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!