Euskal Herriko garai bateko ofizioak, jaiotza batean

Ataria 2016ko abenduaren 16a

Luis Ugartek prestatutako jaiotza ikusgai izango da Errege eguna bitartean Zizurkilgo Arantzazuko Amaren elizan.

Hiruzpalau urte dira Ugartek jaiotza jartzen duela Zizurkilgo elizan. Aurretik Villabonako Kutxako erakusleihoan jartzen zuen baina egoitza berritu zutenean tokirik gabe geratu zen. Zazpi metro luze eta beste bi metro zabalera ditu aurten jarri duen jaiotzak, hamabost metro koadro ditu.

Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak hartzen ditu oinarritzat jaiotza egiteko: behiak jezten ari den emakumezkoa, meta egiten ari direnak, laiarekin soroan jarduten dutenak edo labaderoan arropa garbitzen ari den pertsonaia ageri dira jaiotzan. Baserria, Akezko errotaren kopia, garaia eta egiazko baratza ere baditu.

Jaiotza biziduna da, pertsonaia horiek guztiak mugitu egiten dira, horretarako propio ekarritako motore txikiekin. Aurtengo nobedadeetako bat, elkarrekin talka egiten duten bi ahari dira. 

Eskuz egin du lan Ugartek eta ia urte osoa ematen du hori prestatzen. Orain, ikusgai izango da eguberriak irauten duten bitartean eliza zabalik izaten den garaian. Igande eguerditan meza ondorenean ikusi ahal izango da eta inork bisitatu nahiko balu, aurrez hots egin dezake telefono honetara: 943 69 11 64.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!