Bartzelonatik dator funtzioa

Jon Miranda 2016ko urr. 28a, 12:10

Zizurkilgo lau areto ezberdinetan lau proposamen izango dira bihar arratsaldean antzerki ikasleen eskutik.

Bartzelonako Institut del Teatren ikasten du Hodei Arrastoak (Zizurkil, 1995). Azken bi urteetan bere ikaskideekin batera esketx laburrak eskaini izan ditu bere herrian. Aurten, proposamen berri batekin datoz: «Madrilen, Bartzelonan eta beste toki askotan eskaintzen dira mikoteatroak. Denbora guztian aktibo dauden areto txikietan eskainitako piezak dira. Publikoa da areto batetik bestera mugitzen dena», dio Arrastoak.

Joxe Arregi plazaren inguruan azken urtean egin diren moldaketak ikusita otu zitzaion ideia zizurkildarrari: «Plazida Otaño liburutegia zabaldu zutenean jabetu nintzen espazio ezberdinak egon zitezkeela horrelako proposamen bat egiteko». Atxulondo kultur etxeko areto nagusia eta dantza gela (garai bateko liburutegia) eta Plazida Otañoko aretoa eta liburutegia baliatuko dituzte antzerki saioak eskaintzeko, bihar, 19:00etan.

Antzerki motak ikusgai

Lau proposamen ezberdin egongo dira aukeran Zizurkilen, «propio saiatu gara barietatea bilatzen, antzerkia egiteko modu desberdinak erakutsi nahi baititugu».

Commedia dell'arte delakoa XV. mende bukaeran Italian sortu, Europan barrena zabaldu eta gaurko egunera arte iraun duen antzerki generoa da. Atxulondo kultur etxeko areto nagusian eskainiko dute saio hori Arrastoak azaldu duenez: «Pertsonaia tipifikatuetan oinarritutako antzerki mota da eta maskarak erabiltzen dira. Pertsonaia horietan oinarrituta inprobisatutako antzerkia egingo dute aktoreek. Eskema bat izango dute, alegia, jakingo dute non bukatuko duten baina ez nola iritsiko diren amaiera horretara. Publikoak ematen duenarekin, edo aretoan gertatzen denarekin momentuan bertan inprobisatuko dute. Hori baliatu beharko dute antzezteko».

Bartzelonako eskolan antzerki fisikoa landu izan du gehienbat Arrastoak azken urteetan eta proposamen hori ere ekarri nahi izan dute Zizurkilera. Atxulondo kultur etxeko dantza gelan bi neska ariko dira eta Decroux teknika erabiliko dute. «Kontzientzia korporala edukitzeko teknika da. Gorputzeko parte guztiak disekzionatzean datza, eta ikasten dugu adibidez lepoa mugitzen, sorbaldak igo gabe, edo gerria jiratzen belaunak mugitu gabe», dio Arrastoak.

MIKOTEATROA

Noiz. Bihar, urriak 29, larunbata.

Ordua. 19:00etan.

Non. Atxulondo kultur etxean eta Plazida Otaño liburutegian.

Sarrera. Doakoa izango da eta amaieran borondatea jasoko dute parte hartzaileek.


Aiztondoko liburutegi berrian, testu batean oinarritutako bakarrizketa eskainiko du beste aktore batek. Caryl Churchillen Lejos obra aztertu zuten iaz eskolan eta bertako lehen eszenan oinarritutako moldaketa da eskainiko duena.

Bi herrien arteko elkarlana

Plazida Otaño liburutegiko aretoan, berriz, antzerki musikala da bihar eskainiko dutena. Bartzelonatik etorritako aktoreei laguntzen eskualdeko musikariak ariko dira: Loatzo musika eskolako bi irakasle eta beste bi herritar. Besteak beste, Ella Fitzgerald eta Frank Sinatraren kantuak eskainiko dituzte. Entsegu nagusia bihar egingo dute, baina horretarako aurrez dena ondo lotuta eduki beharra dagoela azpimarratu du Arrastoak, «ni nabil koordinazio lana egiten, guztia bideratzen. Aurten ez dut antzeztuko eta zuzendari bezala ariko naiz».

Hamar lagun etorriko dira Bartzelonatik. Zortzik antzeztuko dute eta beste bik areto batetik bestera bideratuko dute publikoa. Horietako batzuk lehen aldia izango dute Zizurkilen eta beste batzuk, aurrez etorritakoak dira. «Katalanei asko gustatzen zaie Euskal Herrira etortzea», esan du Arrastoak.

Elkarlana ez da horretara mugatu. Biharko antzerki lana iragartzeko kartela Zizurkilgo Maria Altuna Lizarragak egin du. «Laguna dut. Ikusita neuzkan bere marrazkiak eta asko gustatzen zait bere estiloa. Ideia bat eman nion eta emaitza zoragarria da. Gauza txiki asko eta kuriosoak ditu kartelak».

Proposamen diferentea

10-15 minutuko saio laburrak izango dira areto bakoitzean eskainiko direnak. «Beraz, norbait antzerki batekin aspertzen bada, badaki, handik gutxira beste proposamen ezberdin batekin egingo duela topo».

Sarrera doakoa izango da eta amaieran inork borondatea eman nahiko balu, jasoko lukete antzerki ikasleek. «Hala ere, ez dugu asmo horrekin egiten. Ikasten ari garena erakutsi nahi dugu eta jendeari ohikoaz aparteko denbora-pasa bat eskaini nahi diogu. Ikusiz ere asko ikasi daiteke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!