«Gustu pertsonal bat sortu zait, begi kritiko bat»

Jon Miranda 2016ko aza. 3a, 07:51

Larunbatean Zizurkilen eskaini zen Mikoteatro saioa zuzendu zuen Hodei Arrastoak (Zizurkil, 1995). Bartzelonan, Institut del Teatren ikaskide dituen lagunak izan zituen alboan. Aurten, proposamen berri eta berezia eskaini zuten, Zizurkilen eskaintzeko propio prestatutakoa.

Zein da Hodei Arrastoa?

Zizurkilgoa naiz eta mundu guztiak bezala ikasketa normalak egin ditut. Batxiler humanistikoa ikasi nuen Orixe institutuan, Tolosan. Gero antzerki ikasketetan interesatu nintzen eta hori ikasteko iruditu zitzaidan Bartzelonako eskola bat zela aukera onena. Zortea eduki nuen, probak gainditu nituen eta han nabil ikasten, orain laugarren mailan.

Nola piztu zitzaizun gogo hori antzerkia ikasteko?

Ez pentsa txikitatik datorkidanik. Niri beranduago sortu zitzaidan gogoa. Eskolan egiten genituen antzerkietan gustura ibiltzen nintzen, baina sekula ez nuen planteatu ikasketak arlo horretara bideratzea. Hizkuntzak ikasteko aukera ere ibili nuen buruan. Biolina jotzen dut eta agertoki gainean egotea badakit zer den, Oinkarin ere banabil. Ez zait, beraz, arrotza egiten taula gainean egotea.

Plaza gizona zara hortaz...

Ez dakit. Kontzertu asko eman izan ditugu Loatzo musika eskolarekin eta horrelakoetan publikoa zuri begira dago. Azkenerako ohitu egiten zara eta ez zara tentsioan egoten, nahiz eta beti urduri jarri. Oinkarirekin ere emankizun asko egin ditugu toki ezberdinetan, eta modu horretara, zeure buruarengan konfiantza hartzen duzu publiko aurrean lasai egoteko, edo lasai zaudenaren itxura egiteko.

Institut del Teatre, Bartzelonako eskolan ikasten duzu. Nolakoak dira bertan sartzeko hautaprobak?

 

Probak egiteko pasa behar dituzu bi fase handi. Lehen fasean ere bi zati daude eta lehenengoan bost liburu irakurri eta aztertu behar izaten ditugu –garaiko testuinguruan jarri, zein den autorea, pertsonaiak aztertu, eszena bakoitzean gertatzen dena xehatu–; gero azterketa teorikoak ere egin behar izaten dira: eskultura lanen azterketa bat, nire kasuan. Poema bat, esketx bat eta bakarrizketa bat prestatu behar izan genituen eta epaimahai txiki baten aurrean aurkeztu. Horiek gaindituz gero, Bartzelonan goiz eta arratsalde egon behar izaten duzu astebetez lau irakaslerekin. Zure bakarrizketa edo antzerki pieza hobetzen eta bariatzen laguntzen dizute eta hor ikusten dute, zein gaitasun duzun ulertzeko, aldatzeko, ikasteko... Nola moldatzen zaren ikusten dute eta tarte horretan proba fisiko asko egin behar izaten dira (saltoak, malgutasuna, indarra... ). Koreografiak prestatu eta musikalki ere probatu gintuzten, kantatu behar izan genuen, adibidez. Klaseak ondo aprobetxatuko dituen eta ikasleen artean talde ona sortuko duen ikaslea bilatzen dute. Ni aurkeztu nintzen garaian, 325 pertsona aurkeztu eta 48 sartu ginen. Ez da munduko casting zailena baina eskatzen du ahalegin bat egitea. Nahigabe bada ere, besteekin lehiatzen ari zara.

 

Prestigio handia du zuen eskolak estatu mailan?

Izen handiko irakasleak daude, bai. Estatu mailan Madrilekoarekin batera, Bartzelonako hau da garrantzitsuena. Irakasleak aktore izandakoak, dramaturgoak edo zuzendariak dira, lan asko egindakoak gehienak. 80 ikuskizun zuzendu dituen jendea dago, toki ezberdinetan eta konpainia ezberdinetan aritutakoa. Clara Segura, adibidez, Los ojos de Julia filmean agertu da aktore gisa eta gure irakaslea da. Raimon Molins, antzerki munduan lan handia egiten ari dena ere irakasle dugu. Horiekin batera, Ramon Villarrek, Mercè Managerrak... testuetan oinarritutako antzerkia irakasten dute. Ni, antzerki fisikoan espezializatu naiz eta orain Andres Corcherorekin proiektu bat lantzen ari naiz. Berak hamar urte pasa ditu Japonian dantza teknika bat ikasten eta ikasitako hori guri erakutsi nahian dabil.

Ikasketa amaierako proiektua zein duzu?

Abenduan aurkeztuko dugu. Ikuskizun bat da eta egia esan, nik ez dut horrelakorik beste inon ikusi, ez bada Andres Corcheroren tailerretan. Teknika bat da, non gure gorputzeko barne lasaitasuna bilatzen saiatzen garen. Tentsioak dauzkagunean horiek ekidin beharrean, tentsio horietan kontzentratzen gara gure gorputzak beste bide batzuk aurki ditzan. Esaterako, esertzerako orduan eskua jartzeko ohitura baduzu, berak behartzen gaitu ahalik eta denbora gehienean izterretatik indarra egiten, poliki jaisteko. Tentsio horrekin dardara ateratzen zaizu eta saiatu behar duzu dardara hori lasaitzen eta kudeatzen. Burua azkar aktibatu behar duzu, oso azkar pentsatu behar duzu, nahiz eta gorputza mantso joan. Lan bakana da, oso espezifikoa eta hori landu nahian gabiltza.

Diziplina ezberdinak ukitzen dituzue, beraz.

 

Institut del Teatre izena du baina bi bloke handi daude: dantza eta antzerkia. Dantza barruan, flamenkoa, garaikidea, klasikoa sartzen dira eta horretarako propio probak egiten dituzten ikasleak daude. Antzerkiaren adarrean, ikasi dezakezu eszenografo, zuzendari, dramaturgo edo aktore izateko. Aktore barruan ere hiru bide handi daude: aktore-musikala, testu-aktorea eta nik egiten dudana, antzerki fisikoa. Nire adar hori mugimenduetan oinarrituta dago eta dantzatik gertuago geratzen da. Espresioa gorputzaren bidez adierazi nahi izaten dugu, nagusiki. Ez du esan nahi horrek, hitz egiten edo abesten ez dugunik. Antzerki fisikoan espezializatzen gara eta gero norberak bere baliabide pertsonalak erabiltzen ditu.

 

Zenbat urteko ikasketak dira?

Lau urteko ikasketak dira. Eskolatik kanpo proiektuak izaten ditugu askotan eta horietan zentratzeagatik baztertu egiten ditugu ikasgai batzuk. Nik oraingoz dena egunean daramat, nahiz eta eskolaz kanpoko proiektu batzuetan parte hartu dudan. Azkeneko mailan nago, laugarrenean, eta otsailean Pragara noa, Erasmus programarekin.

Zertan ikusi duzu egin duzula aurrera azken lau urteetan?

Orain, begi kritiko bat daukadala esan dezaket. Ikasten ari naiz oraindik baina Bartzelonan mota askotako antzerki eta espektakuluak ikusi ditut. Ikuste horrek asko erakusten dizu. Mexikoko edo Alemaniako talde bat baldin badator, han zer egiten ari diren ikusi eta horrek zer pentsa ematen dizu. Korporalki teknika asko ikasi ditut, sortzeko bide asko, lanean talde batean ibiltzeko gaitasuna bereganatu dut eta gustura nago. Gustu pertsonal bat sortu zait, zein bide nahi dudan eta zein ez badakit. Begi kritiko bat sortu zait, iritzi pertsonal bat dut orain.

Zein proiektutan parte hartu duzu?

Euskal Herritik kanpora gauza askotan. Orain Bartzelonako euskal etxean dantza irakasle nabil eta Korrontzi taldearekin koreografiak egin eta ikuskizun bat eskaini genuen. Shakespeareren Hamleten ere parte hartu nuen. Oso proposamen berezia izan zen, nik Opheliaren pertsonaia egin nuen, neska baten paperean sartuta. Ez zen antzerki klasikoa, garaiko jantziekin egina, baizik eta oihal beltz batzuk baliatu eta baliabide minimoekin osatutako obra. Los amantes de Teruel egin nuen iaz eta XVII. mendekoa zen erabiltzen genuen hizkuntza. Testu askoko antzerkia zen eta hori ikastea zail samarra zen. Proiektu txikietan ere jardun dut, Kataluniako Txarango taldeak antolatutako musika jaialdi batean hasierako ekitaldia aurkeztu nuen. Maskara batzuk erabili genituen, jolas apur bat eginez publikoarekin eta saiatu ginen ekimena alaitzen. Zizurkilen 400. mendeurrenaren harira antolatu zen herri antzerkian ere parte hartu nuen, Teodoro Hernandorenarena eginaz.

Antzerkiaren zein arlo gustatzen zaizu gehien?

Niri gustatzen zaidana da, nik neuk argi edukitzea zer egin nahi dudan, baina hori hain argi ez adieraztea. Nik, agian, eskua mugitu dezaket ilea orrazten ariko banintz bezala, nahiz eta fisikoki ez egin, eta gero publikoak uler dezake erabat ezberdina den gauza bat. Aurrez ekintza hainbeste definitu gabe, bakoitzak bere bidaia egitea gustukoa dut. Testuetan oinarritutako antzerkia, alderantziz, oso konkretua da, mezua argikoa. Nik hautatuko bidea irekiagoa dela iruditzen zait. Baina hori bai, horretarako oso argi eduki behar duzu zer ari zaren egiten eta zer esan nahi duen horrek zuretzako. Zuk zure egia eduki behar duzu, beste batek bere egia edukitzeko.

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Lau urte eman ditut Bartzelonan eta han bizitza sortu dut. Familia ez, baino bizitza artistikoa daukat. Lagun eta ezagun asko dauzkat eta proiektu asko sortu zaizkit denbora honetan. Han etorkizun bat posible dela iruditzen zait. Baina Euskal Herriak ere arreta deitzen dit. Hemen gauza asko dauzkat egiteko, han egiten dudana hemen praktikan jartzea gustatuko litzaidake. Ideia asko dauzkat eta posible bada agertoki gainean jarraitu nahi nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!