Kutxazain berria martxan da Zizurkilen

Ataria 2016ko irailaren 7a

Maiatzaren 12an sinatu zuten hitzarmena Zizurkilgo Udalak eta Kutxabankek.

Kutxabank-ekin sinatutako hitzarmenak gutxienez hiru urteko iraupena izango du eta Atxulondo eraikinean egongo da jarrita.

Maiatzaren 12an Zizurkilgo Udalak eta Kutxabank-ek sinatutako hitzarmena betez, martxan da herrian kutxazain berria. Atxulondo kultur etxearen izkina batean dago kokatuta, udal eraikinean. «Udalak proposamen bat egiteko, berea izan behar zuen eraikinak eta Kutxabank-ekin aztertuta egokiena hori ikusi genuen, erdigunean dagoelako», nabarmendu zuen orduan Joxe Mari Luengo alkateak.

Hitzarmenean gutxienez hiru urteko zerbitzua bermatzeko konpromisoa hartzen du Kutxabank-ek. «Herriak zerbitzu bat ez galtzea eta bertako komertzio bizitza lehenetsi dugu eta era berean, argitu behar da proposamen berbera beste finantza erakundeei ere aurkeztu diegula», zehaztu nahi izan du Luengok.

Duela egun batzuetatik martxan da kutxazain berria herritarrek erabil dezaten.

KZ GUNEA ITXI DUTE

Liburutegia tokiz aldatu denetik, Atxulondo kultur etxearen funtzionamendua adosten ibili dira erabiltzaileak eta Parte-hartze Batzordeko kideak. Erabiltzaileen eskaerak kontuan hartuta, eta ikusirik KZgunea tutorearen bisita-egunetan soilik irekitzen zela, erabaki da Zizurkilgo KZgunea hustea, eta beste behar batzuei erantzuteko erabiltzea.

Internetera konektatu nahi dutenek Plazida Otaño liburutegian izango dute horretarako aukera, herritarrentzat ipinitako hiru ordenagailuetan. Denbora-muga batekin, Internetez doan ibiltzeko aukera izango dute, liburutegia irekita dagoen ordutegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!