Blusak gerrira lotu eta festara atera dira zizurkildarrak

Ataria 2016ko uztailaren 9a

Urteroko ohitura jarraituz Elbarrenako festa batzordeak Blusen Eguna antolatu du gaur Zizurkilen. Goizean sagardo dastaketa egin, eguerdian plazan bazkaldu eta arratsaldez auzoz auzo jolasean eta poteoan ibili dira. Gauean musikarekin emango diote errematea jai egunari.

Arantzazuko Amaren Egunaren bueltan ospatzen dituzte Elbarrenako festak Zizurkilen. Jaiak girotzen joateko eta kuadrilla ezberdinen artean, festetako ardurak banatzen hasteko baliatzen dute Blusen eguna.

120 lagun inguru bildu dira, I love paella catering-ak prestatu duen bazkarira eta arratsaldean "gurpil" poteoa egin dute –bizikletan, patinetan, erosketen orgetan, umeen kotxeetan– eta jolasetan emandako pisten bidez, auzoz auzo ibili dira. Jolaserako, 2012an Zizurkilgo Udalak onartu zuen armarri berria hartu dute. "Zubia, zuhaitza eta mendia ageri dira armarrian eta konturatu gara, Zubimusu erdi botata dagoela, Zizurkil goiko zuhaitza ihartuta eta mendia AHTak zulatuta. Armarri berri bat proposatu nahi dugu gaur", esan dute umorez jolasak antolatzeaz arduratu diren kuadrillako kideak.

Gauean erromeriarekin bukatuko dute Blusen eguna. Elbarrenako festa batzordeak hurrengo hitzordua iraila hasieran izango du, Arantzazuko Amaren festetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!