Urkamendi hilarria, ikusgai

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 8a, 12:09

Udaletxean jarri dute ikusgai berreskuratutako ondarea. Bereziak dira harriak inskribatuta dauzkan irudiak.

Urkamendi izeneko hilarria Asteasu eta Zizurkil arteko bide zaharrean aurkitu zuten, Urkamendi inguruan, Luzuriaga baserriaren parean. Horrela jaso zuen Antxon Agirre Sorondo etnografoak Estelas discoidales de Gipuzkoa. Origen y significado liburuan, 1991an.

Erreferentzia horri segika gerturatu zen duela gutxi Luis del Barrio, ondarea berreskuratzeaz arduratzen den Lurrailan enpresako arduraduna Zizurkilgo udaletxera: «Agirre Sorondok berak Urkamendiko hilarriaren inguruan egindako fitxan aipatzen du udaletxean gordeta zegoela. Pentsatzekoa da, 80ko hamarkada amaieratik egon dela hemen gordeta». Orain, ordea, denen bistara dago. Udaletxe sarreran, eskailburu batean jarri dute ikusgai, Maite Amenabar, alkateordeak adierazi duenez: «Oinarri bat egin diogu eta bere horretan jarri dugu, ia ez dugu ukitu. Hilarriko idazkunak gehiago nabarmentzeko erabili zuten klera arrastoa kendu diogu, besterik ez». Izan ere, bakanak dira, disko-formako hilarriaren alde banatan dauden irudiak. «Oroitarriaren ondoan panel txiki bat jarriko dugu, idazkunak nolakoak diren hobeto antzemateko».

Del Barriok ere garrantzia berezia eman dio Urkamendiko hilarriari, «ohikoak dira gurutzeak, edo forma geometrikoen irudiak. Agertu ohi dira, landare apaingarriak edo animalienak baina oso gutxitan giza irudiak. Nik ez dut bakar bat ere ezagutzen gisa honetakoa». Zizurkilgo hilarriaren aurreko aldean, goitik beherako marran, bi giza-soin ageri dira eta ezkerretik eskuinera, berriz, lau buru. Albotara beste lau buru handiago ikus daitezke, burugaineko batekin. «Bitxia da irudia», Del Barrioren esanetan. Apainketa lanetan alderik erabilienak diskoaren aurkia eta ifrentzua izaten dira. Hilarriek, orokorrean, diskoaren gune inguruan izan ohi dituzte apaindurak, «albotara zabaltzen diren eguzkiko errainuaren tankera hartu nahian-edo». Atzealdean, gurutze latindarraren irudia arrunta du Urkamendikoak.

Hilarria, harriz egindako hileta monumentua da, trapezio tankerako oina eta disko batez osatua. Hilobi buruetan jarri ohi izan da, hildakoaren oroigarri gisa, baina baita ere zorigaiztoko gertaera bat eman izan den tokietan. «Oldarraldi batean erasotuta, tximistak jota, otsoak janda, elurteak harrapatu eta izoztuta hil diren pertsonak hartzen dira gogoan hilarrian, eta gertakari horren inguruko edo hildakoaren ofizioa adierazten duten erremintak zizelkatu izan dira harrian», dio Del Barriok. Zizurkilgoaren kasuan ez dakite, zehazki, zer den oroitzen dena: «Agirre Sorondok hilarria jaso zuten ondoko baserriko emakumeak esandakoa jaso zuen. Soldaduren baten omenez jarri ote zuten-edo. Baina, auskalo, ez dago ezeren frogarik».

Del Barriori, hala ere, harritzen zaio soldadu baten omenezkoa izatea hilarria. «Garai hartan, esangura berezia zuen pertsona bati jartzen zitzaion oroitarria. Kostua ere bazuen zizelkatzeak eta ezin zuen edonork ordaindu». Ia ziurtasun osoz esan daiteke Igeldoko kareharrian egindakoa dela: «Egokia da harri mota hori idazkunak egiteko eta gainera, garai batean hemen barnealdeko herrietan ez zen hain ohikoa izatean. Jendeari arreta ematen zion». 

Oraingoz ez dute hilarria datatu eta lan horrek bere zailtasuna duela dio Lurrailaneko arduradunak: «Ez da testuinguru arkeologiko batean agertu, beraz, zaila da asmatzen noizkoa den».

Agirre Sorondok 1991 katalogatu zituen hilarriez gain, beste batzuk ere jaso ditu Del Barriok; guztira 69. Horietatik 54 baino ez dira mantentzen: «Askotan kultura faltagatik edo utzikeriagatik galtzen utzi dira. Horregatik da garrantzitsua Zizurkilgo Udalak hartu duen erabakia. Hemendik aurrera, Urkamendiko hilarria denek ikusteko moduan egongo da udaletxean». Ondare historikoa, bertatik bertara, beraz, Zizurkilen ikusgai.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!