Gaur musikaz gogoeta egiteko aukera Maiatza Saltsanen

Ataria 2016ko maiatzaren 18a

Beñat Barandiaranek (Zizurkil, 1978) zuzendu duen Zertarako musika? dokumentala eskainiko da gaur, 19:30ean, Plazida Otaño liburutegian.

«Musikariok elkarrekin hitz egiten ditugun hainbat gauza konpartitzeko asmoz osatu dut dokumentala», dio Barandiaranek. Musikaren industria, kontsumitzen dugunaren kalitatea, sorkuntza eta musikak duen balio sozialaz ari da ikus-entzunezko lan honetan.

«Halako abiaduran doan gizarte honetan, hain mundu birala izanik, musikari zein balore ematen diogun aztertu nahi izan dut. Pentsarazteko osatu dut eta ez, hainbeste, nire iritzia emateko». Bi zatitan banatu du: «Lehen partean, industriaren inguruko hausnarketa egiten dut, satira eta kritika bidez eta bigarren zatia, poetikoagoa eta emozionalagoa da». Hamar kapitulu eta ordu eta laurdeneko iraupena du ikus-entzunezkoak.

Barandiaranek edizio lana hartu du bere gain. «Artxibo irudiekin egindako lan didaktiko bat da. Narrazioa nire esku geratu da, ahotsa eta musika narratiboa nik osatu dut, baina gainerakoa sarean bildutakoa da». Hain zuzen, egile eskubideei zor zaien errespetuagatik helburu didaktikoekin baino ezingo du eman dokumentala Barandiaranek.

Lazkaoko kultur astean eman zuten martxoan eta gaur, Zizurkilen eskainiko dute. «Aurkezpen txiki bat egin, dokumentala ikusi eta gero ikusleak egin beharko du gogoeta».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!