Leire Fernandezek eta Jon Gonzalezek, lagunik fidelenak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko apirilaren 9a

Zizurkilgo lehen txakurkrosa ospatu dute gaur, eta 31 parte hartzaileak lokaztuta iritsi dira helmugara; antolatzaileak, berriz, pozik, eguraldia uste baino hobeto portatu delako.

Eneko Agirre musherra Zizurkilen bizi dela eta, hari eskatu zioten Zizurkilen bertan txakurkros bat antolatzea. Esan eta egin. Gaur arratsalderako ez zen plan hoberik Zizurkil Goiko plazan.

Txakurrak, musherra eta, noski, ikusminaz bertaraturiko beste hainbeste. Perot aldameneko belazetik abiatu da helduen lasterketa, 4,5 kilometrokoa, eta musher batzuek segituan hartu dute lasterketa burua, abiadaz.

Ibilbidea biribiltzerako, ordea, parte hartzaileek arteko aldeak nabarmendu egin dira, eta tantaka iritsi dira 31 parte hartzaileak, erabat lokaztuta.

Jon Gonzalez musherra izan da helmugaratzen lehena, eta bigarren Txetxu Tamayo izan da, gizonezkoen mailan; podiuma Fernando Cobosek osatu du. Emakumezkoetan, berriz, Leire Fernandezek jaso du irabazlearen garaikurra, eta bigarren Aida Males sailkatu da; hirugarren, berriz, Nerea Goikoetxea pasatu da helmugatik.

Arraza, estilo eta abiradura desberdinak izanagatik, musher eta txakurren arteko konplizitatea bistakoa izan da, lasterketa amaitu bezain pronto. Asko izan dira beren txakurrak besarkatu dituztenak, eta baita putzuak ura edateko baliatu dituzten txakurrak ere.

Behin helduen saioa amaituta, txakurrek tiratako quad erakustaldia izan da eta, azkenik, herriko txikienei musher lanetan proba egiten irakatsi diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!