Txakur krosa Zizurkilen, baserritarrei esker

Asier Imaz 2016ko api. 6a, 10:12
Argazkian, haur bat txakurra aurrean duela, korrika.

Zizurkilen jokatzen den lehen lasterketa izango da; larunbatean 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena.

Iaz, txakur kros erakustaldi txiki bat antolatu zuten Zizurkilen. Eneko Agirre bertan bizi da, eta «aurrera eta atzera ibiltzen naizenez txakurrekin entrenamenduan, zerbait herrian egin beharra zegoela esaten zidaten». Erakustaldiaren ondoren, beraz, lasterketa bat egiteko ideia lantzen hasi ziren.


Agirre Hike Mushing taldeko kidea da, eta udalaren laguntzarekin, larunbaterako antolatu dute Zizurkilgo I. Txakur Kros lasterketa. Hori bai, baserritarren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zen. «Ibilbidea bilatzen aritu ginen, baina maldatsua da Zizurkil Goia eta ia ezinezkoa zen. Orduan, baserritarrek baietz esan zuten, eta euren belazetatik pasako da %50 baino gehiago. Borondate izugarria erakutsi dute, eta benetan eskertzekoa da».


Lau proba
18:00etan hasiko da helduen txakur kros lasterketa, Peroten ondoko zelaitik. 4,5 km-ko ibilbidea egin ondoren, Zizurkil Goiko plazan egongo den helmugara iritsiko dira. Ondoren, parte hartzaileei bertan geratzeko eskatuko diete antolatzaileek, bertaratzen diren haurrekin lasterketatxo bat egiteko. Tolosako txakur krosean egiten den moduan. 19:00etan beste erakustaldi bat egingo dute. Kasu honetan, Itoitz Armendariz munduko txapelduna eta Eneko Agirre aterako dira euren txakurrekin, quad batean.

20:00etan, azken lasterketa hasiko da, erreleboena. Txakur krosean 3 km egingo dituzte. Ondoren, beste lehiakide bati emango diote erreleboa, eta honek bike joring-ean, bizikletaz, beste 3 km egingo ditu. Azken erreleboa patinetean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!