Aiztondoko liburutegia diruz babestea eskatu du Zizurkilgo EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 17a, 09:34

Datorren asteartean, martxoak 22, Eusko Legebiltzarreko kultura batzordean Aiztondoko liburutegia diruz laguntzeko proposamena eztabaidatuko da. EAJk eta PSEk aurka bozkatuko dutela iragarri dute eta Zizurkilgo EH Bilduk erabakia kritikatu du

Aurreko legealdian sortu zen Zizurkilen kokatuko den Aiztondoko liburutegiaren proiektua eta 2014an Gipuzkoako aurrekontu parte hartzaileetan Tolosaldean aukeratuetako bat izan zen: 250.000 euroko diru laguntzarekin. “Diru laguntza horrek ahalbidetu zuen proiektua benetan martxan jartzea”, gogoratu du Leire Zubeldia orduko parte hartze zinegotziak.

Gipuzkoako aurreko Aldundiari egin zitzaion moduan, Eusko Jaurlaritzari ere aurkeztu zitzaion ideia. Bilera bat baino gehiago egin ziren bi aldeen artean, Joxean Muñoz kultura sailburu ordearekin eta Imanol Agote Liburutegietako zuzendariarekin. “Irungo udal liburutegia egiteko Jaurlaritzak 800 mila euro jarri zituela ikusirik, Aiztondoko liburutegirako diru laguntza bideratzeko eskaera egin genuen. Baina segituan itxi zuten aukera hori, Irungoa PSOE eta EAJren arteko akordio politiko puntual baten ondorioz etorritako partida bat izan zela adieraziz. Dena den, ekipazio teknologikora bideratutako urteroko partidatik diru laguntza jasoko genuela ziurtatu ziguten. Azkenean, hori ere ukatu egin digute eta legebiltzarrera jotzea proposatu ziguten”, nabarmendu du Maite Amenabar alkate ordeak.

EAJren jarrera

Horrela, Zizurkilgo Udalak Eusko Legebiltzarrera jo zuen eta baita egitasmoa aurkeztu ere alderdi nagusiei. “Hitz onak jaso genituen eta EH Bilduk diru laguntza emateko proposamen osatua landu zuen. Martxoaren 22an legebiltzarreko kultura batzordea eztabaidatuko da proposamen hori. Nabarmendu behar da gure udaleko EAJko eta PSEko bozeramaileak une oro jakinaren gainean izan ditugula, eta bi alderdietatik hasieran esperantzak eman arren, azkenean legebiltzarrean ezezkoa bozkatuko dutela iragarri dute EAJk eta PSEk”, azpimarratu du Amenabarrek.

Bereziki salagarria da Zizurkilgo EH Bildurentzat EAJren jarrera. “Udalean bertan, aurreko legealdian, proiektua aho txikiarekin babestu arren, edozein dokumentu onartzeko garaian aurka bozkatu edo abstenitu egin ziren. Horrez gain, Jaurlaritzan agindutakoa ukatu egin digute eta Eusko Legebiltzarrean ezetz esango diote Zizurkilgo egitasmoa laguntzeari. Herri handien eta euren interesen mesederako politika da, eta hor Zizurkilgo bozeramale jeltzaleak eurekin bat egiten du ezer esan gabe”, salatu du Zubeldiak. "PSEk, EAJk baino aldekoago jarrera erakutsi du", eta EH Bilduren ustez, "tristea da orain, EAJk eskatuta, sozialistek ezezko botoa ematea, liburutegia finantziazio gabe utziz".

Erabaki honek Zizurkilgo Udalarengan utziko luke liburutegiko lanen kostuaren zati handi bat. “Eta jarriko dugu dirua zerbitzu horretan sinesten dugulako. Baina era berean, berriz ere deia egiten diegu jeltzaleei eta sozialistei erabaki birpentsatzeko. Zizurkilgo EAJ eta PSE alde badaude, badakite zer egin behar duten euren alderdietan”, nabarmendu du Amenabar alkate ordeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!