"Oraindik ere badelako"

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 13a, 16:20

Torturaren aurkako eguna da gaurkoa eta, Joxe Arregi zizurkildarraren heriotzaren 35. urteurrenean, omenaldi hunkigarria egin diote, haren izena daraman plazan.

Otsailaren 13a beltzez zizkindutako eguna da Zizurkilen. Beltzez edo gorriz, nondik begiratzen den. Duela 35 urte Joxe Arregi torturen eraginez hil zela jakin zuten herritar eta senideek, eta hamarkaden joan-etorriak ez du mina ezabatzerik izan.

Atxilotu lehenik, inkomunikatu ondoren, eta haren berririk sekula gehiago ez izan, azkenik. Garai hartako giro politikoak eragindako susmoei, Arregiren gorpuari ateratako erretatuak gehitu zitzaizkion, torturak erail zuela berresteko; orduz geroztik torturaren ikono bilakatu dira argazkiok, beste hainbatekin batera.

Gertakaria plazaratu eta Torturaren egia, itzaletik argira ateratzeko, ekitaldi xumea egin dute Zizurkilen. Musika, poesia, dantza, krabelin gorriak eta duela 35 urte gertatu zen hura bildu dira plazan, haren oroimena bero mantentzera bertaratu diren guztiekin batera. Eta, oroimena bizirik mantentzearekin batera, torturaren desagertzea galdegin dute ekitaldian, "oraindik ere badelako". Bide horretan, duela bi urte Pako Etxeberria forentseak Joxe Arregi plazan bertan esandako hitzak ekarri dituzte gogora: "Tortura herri honetan ezkutuan egon den biolentzia mota izan da, ezkutatzeko hartu beharreko neurri guztiak hartu dituztelako".

Zizurkilen bezala, eskualdeko – Tolosan– eta Euskal Herriko hainbat txokotan salatu dute biolentzia mota hori, gaur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!