Joxe Arregi

Torturaren egia azalera

Imanol Garcia Landa 2014ko ots. 9a, 18:10
Zizurkil, zoritxarrez, torturari lotuta dago. 1981eko otsailaren 13a herriaren gogoan geratu den eguna da. Joxe Arregi herritarra hil zela jakin zuten. Bederatzi egun zeramatzan inkomunikazio egoeran, Espainiako Poliziaren eskuetan, atxilotuta. Hilotza herrira iristean, askok pentsatzen zutena konfirmatu egin zen: Joxe Arregi poliziek eragindako torturengatik hil zen. Joxe hil egin zuten.

Maribi Arregi Joxeren arrebak gogoan du zenbait senide prestatzen ari zirela Madrilera joateko, Joxe bisitatzera, inkomunikazio garaia bukatzear zegoelako, albistea jakin zutenean: «Enteratu ginen hil zela, eta hortik aurrera hasi ziren gure kezkak, zer egin ote zioten, torturatua izan ote zen... Kartzela barrutik Iñaki Agirrek bidali zuen idatzi bat, Joxeren azken hitzak 'oso latza izan da' izan zirela esanez; ikusi zutela oso jota zegoela».

Iñaki Agirre eta beste bi presok igaro zituzten Joxe Arregirekin honen azken orduak Carabancheleko espetxearen ospitalean. Agirre berak idatzitako gutun batean, bere senideek jaso eta zabaldutakoan, Arregiren azken uneak azaldu zituen. Testigantza horrek erakutsi zuen, besteak beste, Arregi torturatua izan zela.

«Aste mugitua izan zen», azaldu du Mikel Arrastoak, orduan Zizurkilgo Udalean zinegotzi eta hilabete batzuk geroago alkate izan zenak. «ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko ingeniaria bahituta zuela izan ziren Joxe eta besteen atxiloketak, otsailaren 4ean. Gu, atxiloketen berri izatean, mobilizatzen hasten gara, egoeraren jarraipena egiten, batzarrak antolatzen…». ETAk otsailaren 6an Ryan hiltzen du eta «tentsio handia» sortzen da, Arrastoak gogora ekartzen duenez.

Handik egun gutxira, 13an, jakiten dute Joxe hil egin dela. «Esaten dute pneumonia izan zuela... Alarma guztiak pizten dira, ea nola gertatu zen hasten gara galdetzen», dio Arrastoak. Hainbat pertsona Pancorbora joaten dira, tartean Arrastoa bera, Joxeren gorputzaren zain egotera. Beraien asmoa da Zizurkilerako bidean zenbait herritan gelditzea, jendeak bere azken agurra emateko. Baina ez zen horrela gertatu. «Niretzako, amarru politiko bat medio, ez ziguten pentsatzen genuena egiten utzi, eta beste leku batetik eraman zuten Zizurkilera».

Herrian tentsio uneak bizi izan zituzten, «oso indartsuak, politikoki ere», dio Arrastoak. Osoko bilkura plazan egiten dute, udaletxetik kanpo orain arte egin den bakarra. «Jendez gainezka zegoen plaza, eta orduan erabaki batzuk hartu ziren, besteak beste, plazari Joxeren izena ematea eta familiarekin harremanetan jartzea», esan du Arrastoak.

Joxeren amari eskaera berezia egin zitzaion gorpua plazara eramateko. Plazan egon zenean tentsio handia zegoen. «Hilkutxa zigilatuta zegoen, eta jendeak esaten zuen ea bera izango ote zen barruan zegoena», ekarri du gogora Arrastoak. «Gainera jakin nahi zen zein egoeretan zegoen. Ireki zen tapa eta bera zela ikustean, jendea shock egoeran geratu zen, eta ez zen bere gorpua atera hilkutxatik». Jendea hilkutxaren aurretik hasi zen igarotzen, Joxeri azken agurra emateko. Gero iritsi zen elizkizunerako ordua eta tapa itxi zen berriro.

«Elizkizunaren ondoren, hilkutxa hileta-autoan sartu nahi zuten, baina orduan jendeak hilkutxa soinean hartu zuen eta txandaka Zizurkil Gora eraman genuen, hilerrira. Bi kilometro eta erdi manifestazioan egin genituen, eta hilerrian familiaren panteoian sartu zuten hilkutxa», esan du Arrastoak.

 



Joxe Arregiren gorpuari argazkiak

Torturaren lekukotza gordinena Joxe Arregiren gorputzari ateratako argazkiak izan ziren. 2009an jakin zen Berria-k ateratako erreportaje baten bitartez Juan Kruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoik atera zituztela argazkiak, Zizurkilgo hilerrian bertan. «Pentsatzen genuen Madrilen ateratakoak izango zirela eta gero prentsara ezkutuan eraman zirela», dio Arrastoak. «Baina gero jakin genuen hemen atera zirela. Argazki horien bidez ikusi genuen argi eta garbi torturaren aurpegia. Joxe deseginda zegoen: more, beltz, oinak erreta... desastre. Eskerrak argazki horiei, bestela batzuk esaten egongo ginen torturatuta hil zutela eta beste batzuek ezetz, pneumoniarengatik hil zela». Argazki horiek erakusten dute «polizia etxeetan gertatu denaren lekukotza, eta zer gertatzen den oraindik. Hor daude salaketak. Joxek esan zuen bezala, oso latza izan zen guretzat ere».

Maribi Arregik ere «tentsio handiko egunak» izan zirela dio: «Oso gogorra izan zen, ikusita nola zegoen bera, nondikan pasa zen, eta gero pneumonia izan zuela esaten zuten, autolesionatu egin zela, eskaileratik bere burua bota zuela... Ikusita nola agertu zen, dudarik ez genuen zer egin zioten».

Bost polizia atxilotu zituzten, baina Antonio Gil Rubiales eta Julian Marin Rios polizia kideak baino ez zituzten prozesatu. Madrilgo Auzitegi Probintzialean bi aldiz absolbitu zituzten. 1989. urtean Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu zituen: hiru hilabeteko atxiloaldia eta bi urtez lanik eta soldatarik gabe Gili, eta hiru hilabeteko atxiloaldia eta hiru urtez lanik eta soldatarik gabe Marini.

«Alferrik izan zen epaiketa», dio Arregik. «Polizia horiek kondekoratuta bukatu zuten, zigorrik gabe». Gil Rubiales hil zenean estatuaren eta militarren ohoreekin lurperatu zuten. «Sekulako amorruarekin jaso genuen hori, umilazioa bezala», dio Arregik. «Ikusita Joxeri zer egin zioten, eta gero torturatzaileari dominak ematea, eta gainera horrelako hileta egiten ziotela ikustea, umilatuta».

1981eko maiatzean ekitaldia egin zuten plazan. Ordurako Arrastoa zen alkate. «Omenaldiaren egunean Guardia Zibila etorri eta denak handik alde egiteko agindu zuen», esan du Arrastoak. «Beraiengana joan nintzen, lasai egoteko eskatuz, ekitaldi baketsua zela eta han haurrak zeudela esanez. Borra bat hartu eta ekitaldian jarritako harria txikitu zuten. Gerora beste monolito bat jarri zen, eta hor ere tirabirak izan ziren udalean».

Joxe Arregi ez da oraindik biktima gisa aitortua izan. Bere arrebak espero du egun batean hori gertatuko dela: «33 urte pasatu dira… Espero dut egun batean esango dutela torturapean hil zutela. Egun hori iristen denean lasaitu ederra hartuko dut, baina bitartean ez daukat. Iritsiko da eguna». Estatuak torturaren gaiaren aurrean duen jarrera «itxia» dela dio: «Esan bezala, oraindik ez dute aitortu, baina nik uste hori egin behar dutela nahi eta nahi ez». Maribi harremanetan jarri da torturaren beste zenbait biktimekin: «Indarra ematen du. Zure barruko korapiloak askatzen dituzu, besteenak entzuten dituzu, elkarri laguntza ematea da».

Maribik eta Mikel Arrastoak Joxe nolakoa zen ekartzen dute gogora: «Jende guztiarekin erlazionatzen zen, herritar guztiekin, ideologia guztietakoekin. Dantza erakusten aritzen zen, bertsotan, txistulari… Herritar petoa zen».

Torturatu guztien omenez

Joxe Arregi gogoan, Euskal Herrian otsailaren 13a izendatu da torturaren aurkako eguna. Urtero ekitaldiak egin izan dira torturaren aurkakoak, eta aurten beste pauso bat emango da. Zizurkilgo Udalak, hainbat herritarrek osatutako batzorde baten parte hartzearekin, eta Egiari Zor fundazioak torturaren aurkako astea antolatu dute, Torturaren egia, itzaletik argira izenburupean, otsailaren 11tik 16ra. Hain justu, otsailaren 16an izango da ekitaldi nagusia, eta bertan Koldobika Jauregik egindako eskultura bat jarriko da Elbarrenako plazan, torturatu guztien omenez.

«Jakin behar dugu zer gertatu den, aurrera begiratu, baina ahaztu gabe», esan du Arrastoak. «Torturatua Joxe izan zen eta beste batzuk ere bai. Jendeak jakin behar du zer astakeri egin diren, memoria historikoan gorde, berriro gertatu ez dadin». Torturatuen aurkako ekitaldiarekin «beharrezkoa den oihartzuna eman behar zaio. Pixkana pausoak ematen joan behar da lakra hori ezabatzeko», gaineratu du. «Joxerena, hain agerikoa izan dena, bere gorputza ikusita nola geratu zen, eta oraindik biktima gisa ez aitortzea, anakronikoa da, ez ulertzekoa. Estatuari berdin zaio Europatik etortzen diren zigorrak. Horregatik gure esku dago hori ez ahaztea, datozen belaunaldiei erakustea».

Lorea Bilbao Egiari Zor fundazioko kideak parte hartuko du ekitaldietako batean eta astearen antolakuntzan aritu da. Iaz ere elkarlanean aritu ziren Zizurkilgo Udala eta Egiari Zor torturaren aurkako ekitaldia egiteko, eta aurten ere bide horri heldu diote. Hala, monolito edo eskultura bat jartzearen ideia martxan jarri zuten iaz, torturatuak izan diren guztien oroimenez. «Hori jartzearekin batera pentsatu zen aste osoko ekimen bat egitea, torturaren gaia azaleratzeko», azaldu du Bilbaok.

Ekimenaren izenburua esanguratsua dela dio Bilbaok: «Ilunpean egon da, ezkutuan mantendu da torturaren egia. Torturaren errealitatea ezkutuan mantendu da orain arte eta jarraitzen du, ez baitakigu zer gertatu den herri honetan, eta hori argitara emateko unea dela uste dugu. Horregatik jarri diogu izen hori». Zizurkilek kutsu sinbolikoa duela dio Bilbaok, Joxe Arregiren hilketa gogoan. «Jende asko atera zen kalera garai hartan, eta herritarrak ere sentsibilizatuagoak egon dira herrian. Udalak ere zerbait egin nahi du, eta hori baliatuz beste dimentsio bat eman nahi zaio, nazionala, torturatu guztiak kontuan hartzeko».

Egiari Zor fundazioaren helburua «gatazkaren ondorioz estatuak eragindako kaltetu guztiak, bai hildakoak, bai zaurituak, bai torturatuak… gogora ekartzea da, horien egia eta errealitatea ezagutaraztea eta horrek aitortza publikoa izatea», esan du Bilbaok. «Torturarekin esan dugun moduan, lehenengo pauso gisa argitara ekartzea da eta gero aitortza publikoa egitea».

Torturaren gordintasuna erakusten duten datuak zehatz ematea oso zaila dela esan du Bilbaok: «Ez dakit hori lortuko denik. Milaka izan dira torturatuak. Frankismoaren garaikoak ere kontuan hartzen ditugu eta garai horietakoak dokumentatzea oso zaila da». Torturaren Aurkako Taldetik hasi ziren dokumentazio lana egiten, eta elkarte hori 1992an jaio zen. «Hortik aurrera egindako lanaren bidez, eta Euskal Memoriak egin duenarekin batera, gutxi gorabehera zazpi mila kasu dokumentatzea lortu da», dio Bilbaok. «Ez ditugu testigantza guztiak, baina esan daiteke Frankismoaren ondorengo garaian zazpi mila pertsona inguru torturatu izan direla. Azken 50 urteetan hamar mila kasutara iritsi daiteke».

Tortura «ezkutuen dagoen indarkeria moldea» dela diote torturaren aurkako astearen antolatzaileek. Bilbaok zehaztu duenez, «inkomunikazio garaian eman delako, inork ez daki hor zer gertatzen den. 120 ordu, tortura Euskal Herriaren aurka dokumentalean horixe esaten da, ordu horietan ezin delako jakin zer gertatzen den. Hor bertan gertatzen dira torturak, eta gero auzi medikuak saiatzen dira torturaren zantzuak justifikatzeaz, edo epailea inkomunikazioa luzatzeaz zantzuak ezabatzeko. Azken finean inkomunikazioa da hori ezkutatzen duena, eta gero estatuak bere sistemarekin hori ahalbidetzen duena».

Inkomunikazioarekin bukatzea da torturaren aurkako lehen neurria, Bilbaok dioenez: «Azken atxiloketetan ez da inkomunikaziorik egon eta ez da tortura salaketarik izan. Hor froga bat dago». Inkomunikazioa mantentzen den bitartean, hainbat neurri eskatzen dituzte: «Inkomunikazio aldia grabatzea, audioa eta irudiak, eta konfiantzazko medikua izatea zortzi orduro atxilotuak ikustera. Familiak jakin dezala non eta nola dagoen atxilotua, eta ofiziozko abokatuarekin egon beharrean konfiantzazko abokatuarekin egon ahal izatea. Inkomunikazioa ahal den denbora gutxiena izatea eta lehenbailehen atxilotua epailearen aurrera eramatea».

Torturaren aurkako astearen asmoa «torturaren gaia berriro mahai gainean jartzea da», dio Bilbaok. «11 pertsona hil dira torturapean Euskal Herrian, eta milaka pertsona izan dira torturatuak, eta horien errekonozimendua nahi dugu. Biktimez ari garen garai hauetan, ez direla kontuan hartzen uste dugu. Orokortasun batean hitz egiten da torturaz, baina benetan ez gara jabetzen zer neurritan den garrantzitsua torturaren gaia: 10.000 pertsona asko dira horrelako herri txiki batentzat. Behintzat salaketa publiko hori egin nahi dugu eta jendea jabetu dadila arazo honetaz. Ea kontzientziak ere astintzen ditugun».

 

 

 

 
 

Torturaren aurkako astea

Otsailak 11. Joxe Arregi kasua gogoratuz solasaldia. Parte hartzaileak: Iñaki Egaña, historialaria eta Euskal Memoria fundazioko lehendakaria; Pako Etxeberria, antropologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko presidentea; eta Maribi Arregi, Joxeren arreba. Atxulondo kultur etxean, 19:30ean.

Otsailak 12. 120 horas, tortura contra Euskal Herria Ricard Salom-en dokumentalaren emanaldia. Ondoren solasaldia Lorea Bilbaorekin (Torturaren Aurkako Taldea) eta Idoia Muruagarekin (Egiari Zor). Atxulondo kultur etxean, 19:30ean.

Otsailak 14. Kontakizuna eta katarsia. Harkaitz Kano idazleak eta Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, parte hartuko dute. Nola gerturatzen da idazlea hain kasu lazgarrira? Nola jasotzen du familiak literatur lan hori? Atxulondo kultur etxean, 19:30ean.

Otsailak 16. Ekitaldi nagusia. 13:00etan, plazan.

Otsailaren 10etik 16ra, Mikel Egibar, torturatua izan zen zizurkildarrak gai honi buruz egindako margolanen erakusketa egingo da Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!