Larunbat gauean blues doinuek hartuko dute Zizurkil

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 12a, 09:58

Hamalaugarren urtez blues gaua ospatuko dute bihar Zizurkilen; Katalunia, Madril eta Galiziako hiru taldez gozatzeko aukera izango da Zizurkilgo tabernetan eskainiko dituzten kontzertuetan.

Jada urteroko zita bilakatu da Zizurkilgo Blues gaua. Arrakasta izaten du gauak, eta hortaz, aurten hamalaugarrenez hiru blues talde hartuko dituzte Zizurkilgo tabernek bihar. Pasus tabernakoa izango da lehen kontzertua. 22:30ean, Txus Blues & Jose Bluefinger talde kataluniarra ariko da. 23:45ean hasita, Atxulondo tabernan Julian Maeso Blues Trio talde madrildarra. Eta 01:00etan Egarri tabernan rocka eta bluesa nahasten dituen talde galiziarra ariko da.

TXUS BLUES & JOSE BLUESFINGER

22:30, PASUS TABERNA

Bartzelonako musikariek, hainbat taldetan urte batzuk eman ostean bikotea osatzeko erabakia hartu zuten bluesa ikus-entzule orori hurbiltzeko xedearekin. Horrela, beste hizkuntzen artean gazteleraz abesten dute, instrumentazio xumearekin eta letra arinekin, bluesa ez baita soilik negarra. Eurek sortutako gaiek, bluesaren gai klasikoen egokitzapenek eta, klasikoak ez izan arren, bluesaren moldera betiere umore onez interpretatutako beste batzuek osatzen dute bikotearen errepertorioa. Oinarrizko azpiegiturarekin (gitarra, aho-soinua eta ahotsa). 2001ean bat-batean azaldu ziren arte deus ez genekien haien inguruan. Bluesetik abiatuta era guztietako eraginek blaitutako errepertorioa erakusten dute. Txus Blues 90. urte hasieratik ari da jotzen, Bartzelonako hainbat taldetako kidea izan da; besteak beste: Impàs, La Nau Blues Band... Jose Bluefinger oso gazterik hasi zen gitarra , hainbat taldetako kide izan zen, bluesa bere estiloa izango zela erabaki zuen arte.

JULIAN MAESO BLUES TRIO

23:45, ATXULONDO TABERNA

Hammond organoaren maisua da Julian Maeso. One Way Ticket To Saturn deitzen da bere azken lana. Ibilbide luzeko musikaria da. Musika beltza barneratuta izanik, handik abiatuta 70eko hamarkadako blues musikara hurbiltzen da. Kantu berrietan blues-rock, country, funk eta jazz doinuak entzun daitezke. Traffic, Leon Russel, The Faces, Derek & The Dominoes eta Delaney & Bonnie, Humble Pie, Black Crowes edota Tedeschi & Trucks moduko taldeen musika maite dutenek ikusi beharreko kontzertua dela uste dute antolatzaileek.

DIXIE TOWN

01:00, EGARRI TABERNA

Hirurogeita hamargarren urteetako soinua ateratzen duen taldea da Dixie Town. Hard blues eta musika psikodelikoa egiten du. Vigon (Galizia) sortu zen taldea 2007an, eta zuzeneko gordina egiten dute, handia, edo ‘lodia eta hantustea’ eurek dioten moduan. Ingelesez abesten du hirukote honek, musika amerikarren gustura adierazteko modua du, oso bluesy. Taldean eragin handiena izan duten artistak? Blueslari klasikoez gain, Grand Funk Railroad, Blue Cheer, Freddy King, Johnny Winter, Cream, Rory Gallagher, Jimmi Hendrix, Ten Years After eta beste proposamen sendo batzuk. Estudioko lau disko eta zuzeneko bikoitza kaleratu ondoren, Hendrik Röver (Los Del Tonos) musikariarekin grabatutako lan berria aurkeztuko dute, ongien egiten dakitenarekin (zuzenekoetan jo, alegia) erakusgarri. Laukote indartsua da taula gainean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!