«Antiguako frontoia asko gustatzen zait»

Mikel Iraola 2015eko irailaren 2a

Asteburuan Antiguako txapelketa irabazi zuen hirugarren aldiz Jon Erasun zizurkildarrak.

Zorionak, hasteko.
Eskerrik asko!

Nola sentitzen da bat izen handia duen Antiguako txapelketa hirugarrenez jarraian irabazita?
Oso gustura. Asko gustatzen zait Antiguako frontoia eta txapelketa bera. Zaila izaten da irabaztea, eta are gehiago hiru aldiz jarraian txapela janztea. Beraz, lortutakoarekin oso pozik.

Finalaren hasieran Laso eta Murgiondok zigortu egin zintuzten. Eragina izan al zuen horrek?
Bai. 6-1 hasi ginen irabazten, lasai, baina gero une zail batzuk izan genituen. Nik ere akatsak egin nituen, baina Asierrek sekulako neurketa jokatu zuen.

Zein da Antiguako txapelketaren berezitasuna?
Pilotalekua txikiagoa eta zabalagoa da. Pilotakada motzagoak egin behar dira, eta tantoak egin ahal izateko ongi jokatu behar da. Giroa ere espeziala da. Betidanik gustatu izan zait eta ongi moldatzen naiz.

Telebista bat ere jaso zenuten opari irabazleek. Pentsatu al duzu non jarri?
Etxean jartzeko asmoa dut, baina aurrekoa ere ez da oso zaharra.

Eta orain, zein helburu dituzu?
Gipuzkoako txapelketak ditugu, eta Kantxa torneoko final aurrekoetan nago. Hor zentratuko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!