Joseba Otaegik maila galdu du

Ataria 2015eko uztailaren 27a

Argazkia: Pepo Alonso

Joseba Otaegi zizurkildarra bigarren mailan lehiatuko da datorren urtean. Herenegun Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zen Mendaron, eta azken postuan geratu zen Otaegi, ondorioz, maila galdu du.

Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Mikel Larrañaga —iazko txapelduna— , Joxe Mari Olasagasti eta Joseba Otaegi lehiatu ziren finalean. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar zituen.

Mugertza II.a eta Larrañaga indartsu hasi ziren, baina, Azurmendik hasiera txarra izan zuen arren, gora egin zuen, eta aurre hartu zien, txapelarekin egin arte. 33 minutu eta 49 segundoan amaitu zuen lana Azurmendik, bigarren geratu zen Larrañagak 34 minutu eta segundo bat, eta Mugertzak 35 minutu eta 4 segundo.

Azken posturako lehia bizia izan zen, maila mantentzea baitzegoen jokoan. Olasagasti Otaegiren aurretik sailkatu zen azkenean, 45 segundoko aldea ateraz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!