Zizurkildarrek asteburu «ahaztezina» pasa dute Lladón

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 14a, 12:33

Herrialde Katalanetako Alt Empordà eskualdean eta Gironako probintzian dago Lladó herria. Ia 700 lagun bizi dira bertan eta 2014ko maiatzetik, ofizialki, Zizurkilgo herriarekin dago anaieratuta.

Data horren aurretik hasi zen bi herrien arteko harremana eta dagoeneko antolatu dira bidaiak bi norabideetan. Oraingo honetan, zizurkildarrek itzuli diete bisita lladotarrei eta Karmengo Amaren omenezko feste nagusian hartu dute parte.
 
40 lagun gerturatu dira Herrialde Katalanetara, horietako asko gazteak; horregatik Zizurkilgo Udalaren ustez, «bi herrien arteko senidetzeak etorkizun oparoa izango du. Geroz eta sendoagoa da bion arteko soka eta ahaztezinak dira elkarrekin igarotzen ditugun momentu guztiak».
 
Nazio sentimentuak eta erabakitzeko eskubideak batzen ditu Euskal Herria eta Herrialde Katalanak eta elkar truke honetan ere hizpide izan dute gai hori: «ilusioz sumatu ditugu lladotarrak datorren udazkeneko hauteskunde plebiszitarioei begira. Zizurkildik zorte ona opa diogu Kataluniari».

Ostiral gauean iritsi ziren zizurkildarrak Lladóko udaletxeko plazara. Herriko abesbatzak Txoriak txori kantatuz egin zieten harrera eta afalostean herriko jaietako egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten gure eskualdeko herritarrek.

Larunbat arratsaldean egin zuten jaietako pregoi ofiziala eta bertan parte hartu zuen Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak. Herriko plaza leporaino beteta zegoela eskerrak eman zizkien Lladóko biztanleei: «etxean bezala sentitu arazten diguzue eta oso eskertuta gaude».

Erraldoi eta buruhandiak Lladón

Lladóko jaietako ekitaldirik garrantzitsuena igandean egin zen: erraldoien topaketa. Herrialde Katalanetako zazpi herri ezberdinetako erraldoiak elkartu ziren Lladón. Zizurkilgo Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kideak tartean izan ziren. Bernarda eta Maurizio erraldoiak eta Sorgina, Deabrua eta Melokotoia buruhandiek Lladóko kaleak zeharkatu zituzten, dultzaina eta trikitixa doinuaz lagunduta.

Iaz egin zituzten Zizurkilgo bi erraldoi berriak eta azoka egunez ospatutako erraldoi topaketan aukeratu zituzten Maurizio eta Bernarda izenak pertsonaientzat.
 
Igandean, bazkalostean itzuli ziren zizurkildarrak, berriz ere, Euskal Herrira. Tarte honetan, Alt  Empordà eskualdeko gastronomiaz eta kulturaz gozatzeko aukera izan dute eta dagoeneko hurrengo urterako ekimenak pentsatu dituzte.
 
«Datorren urtean Lladóko herritarrek egingo digute bisita. Beraz, guri egin diguten tamaina bereko harrera prestatzen hasi beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!