Gutuna: Leire Zubeldia eta Alaitz Ormazabal, bi gazte eredugarri udalgintzan

Ataria 2015eko ekainaren 17a

Arantxa Zabala Artola, Zizurkilgo liburuzainak sinatua. Udal gobernuan lau urteotan jardun duten Alaitz Ormazabal eta Leire Zubeldia zinegotziak zoriondu nahi izan ditu.

Urte honen bukaeran, edo berriaren hastapenetan, Zizurkilen liburutegi berria zabalduko dugu. Proiektu eder eta itxaropentsu honek ez luke argirik  ikusiko, Bilduren  korporazioko bi zinegotzi gazteren bultzada, dedikazio eta grinarengatik ez balitz. Leire Zubeldia eta Alaitz Ormazabal, zein baino zein, eskuzabalago aritu dira lau urte hauetan kulturarekiko duten konpromisoa  berretsiz. Eta horregatik, txoko honetatik eskertu nahi diet, beraien borondatez, eman dituzten ordu mordoa. Beren talde politikoko kideengan grina, finantzaketa eta babes politikoa lortzeko egin duten borroka guztiagatik. Ez da erraza izan,  izan ditugu bidean, tentsio uneak, baina denak merezi izan du, gure herrira, liburutegia bezalako prestigiozko azpiegitura bat lortzeko helburuan. Orain, biek, udaletik kanpo lanean jarraituko duzuela badakit, baina eskerrik asko udalean egindako lanagatik eta zorte on! Ikusiko dugu elkar herrian antolatzen diren zenbait kultur ekimenetan, eta nola ez liburutegiaren inaugurazioan!

Hau publiko egitea erabaki dut, herritarrek honen berri izan dezaten nahi dudalako. Politika,hain prestigio gutxiko jarduera bihurtu den honetan, bi neska hauek eredugarri iruditzen zaizkidalako.  Euro bakar bat kobratu gabe, orduak eta orduak eman dituztelako beren herriaren zerbitzuan. Hori herritarrek jakin behar dute, askotan kritika txarrak besterik ez baititugu  entzuten politikagintzan ari direnentzat! Gazteak, emakumeak, talentu handikoak  eta eskuzabalak, halakoak izan ditugu kulturan lau urtez lanean,  Leire eta Alaitz. Mila esker!!

Jakin dut, urrats garrantzitsuak eman dituzuela biok zuen bizitza pertsonalean, zorte hoberena opa dizuet bioi eta zorionak!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!