Joxe Arregiren kasuaren espedientea aurkitu dute Madrilen

Jon Miranda Labaien 2015ko api. 29a, 12:43

Euskal Kriminologia Institutuak Madrilgo fundazio batean topatu du torturaz eraildako Joxe Arregi zizurkildarraren kasuaren inguruko espedientea. Bere azkeneko alean Argia astekariak jakinarazi du

Laura Pego Euskal Kriminologia Institutuko abokatu eta ikerlariari egin diote elkarrizketa Argiaren azken zenbakian eta bertan jakinarazi du Madrilgo fundazio batean topatu dutela Joxe Arregiren kasuaren inguruko txostena, artxibatuta.

Aurkikuntzaren inguruko datu gehiago ez dute eman nahi izan Euskal Kriminologia Institututik, espedientea eskuetan izan arte zuhurtziaz jokatu nahi dutelako. Aurki jasoko dute txostenaren kopia bat.

Bake eta Bizikidetzarako planaren barruan, 1960. urtetik hona EAEn izan diren tortura kasuez ikerketa egiteko agindu zion iaz Eusko Jaurlaritzak Euskal Kriminologia Institutuari. Ikerketa taldean 3.587 tortura salaketa bildu dituzte oraingoz. Talde horretan aritzen da, Leire Padilla billabonatarra. Bigarren fasean 200 bat kasu aukeratu eta egiaztatzen hasiko dira.

Joxe Arregiren kasua

1981eko otsailean atxilotu zuten Joxe Arregi eta bederatzi egunez eduki zuten inkomunikatuta. Egin zizkioten torturen ondorioz hil zen Carabanchelgo espetxeko ospitalean, otsailaren 13an. Ordutik, egun hori torturaren aurkako eguna izan ohi da Euskal Herrian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!