«Torturaren errealitatea ezagutzera ematea da ikerketaren helburua»

Jon Miranda Labaien 2015ko api. 14a, 09:41

Euskal Kriminologia Institutuarentzat ikertzen ari da Leire Padilla Lopez (Villabona, 1994) eta aldi berean, Donostian, Kriminologia ikasketak bukatzen. Tortura kasuen inguruan egiten ari diren ikerlanaren xehetasunak eman dizkio TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

Zergatik aukeratu duzu kriminologia ikasketak egitea?

Txikitatik izan dut jakinmin handia eta ikuspegi asko biltzen ditu bere baitan kriminologiak. Berria da karrera eta gurea hirugarren promozioa izango da. Jendeak irudi bat eginda dauka, kriminologia entzun eta telebistako CSI saioa etortzen zaio burura, baina zerikusi gutxi du horrekin. Diziplinartekotasuna da garrantzitsua gure ikasketetan. Zuzenbidean aditu, mediku edo psikologo izan gabe, arlo guzti horietaz zer edo zer jakin eta ikuspegi zabalago bat emateko aukera ematen du kriminologiak. Gertatu dena interpretatu eta sustraietara jotzeko baliagarria den diziplina da gurea.

Zuri zein arlotan aritzea gustatuko litzaizuke etorkizunean?

Espezialitate asko eskaintzen dizkizu kriminologiak. Auzi medikuntzan aritu zaitezke edo ikerketan. Nik oraindik ez dut erabaki zein arlori heldu. Gainera, gurea ez da krimenak gertatu ondorengo lana izaten bakarrik, horiek ekiditeko oinarriak finkatzen ere lagun dezakegu. Esate baterako, delikuentziaren tratamendu psikologikoaren ikasgaia izan dugu aurten eta ikasgai horretarako proiektu bat gauzatzen ari gara. Etorkizuneko krimenak ekidin ahal izateko, ikastetxeetan umeekin egin daitekeen lana aztertu dugu. Beste herrialdeetan egin dira horrelako eskuhartzeak eta emaitza oso positiboak lortu dituzte.

Nola definituko zenuke zuk krimena?

Pertsona guztiak gara eskubideen subjektu eta larderiaz pertsona bati eskubideak kentzen bazaizkio, krimenaz hitz egin dezakegu. Horrek ez du esan nahi, derrigor, krimenak heriotza dakarrenik: esklabotza, deportazioa, tortura, bortxaketak eta jazarpenak ere modu berean definitu ditzakegu. Bestalde, ordena juridikoaren arau-hauste larria izaten da normalean baina ez du esan nahi beti modu berean zigortzen denik. Kriminologoek alde askotatik aztertzen dugu gertakaria eta baliteke, adibidez, delitugilearen kontzientzia une horretan txikia izatea. Krimen bazuk, aitzitik, une sozio-politiko jakin batean onarpen moral bat izan dezakete eta beste une batean ez. Azken batean, faktore askok hartzen dute parte krimena definitzerako orduan.

Zer da Kriminologiaren Euskal Institutua?

1976an sortu zen Antonio Beristain doktorearen eskutik eta EHUko institutu autonomoa da. Goi mailako eta irakaskuntzako proiektu asko gauzatzen dira bertan. Irakasle, psikologo eta juristek hartzen dute parte eta gaur egun ikerketa lerro asko daude martxan.

Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, Krimininogiako Euskal Insitutuari agindu dio torturaren inguruko ikerketa...

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1960. urtetik 2013ra bitartean izan diren tortura kasuen ikerketa egiten ari da Kriminologiako Euskal Insitutua, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eskatuta. Paco Etxeberria auzi medikua ari da lana gidatzen eta dagoeneko, 3.000tik gora salaketaz osatutako datu basea dute esku artean.

Nola sortu zitzaizun ikerketa horretan parte hartzeko aukera?

Paco Etxeberria nire irakaslea izan zen karrerako bigarren kurtsoan. Villabonan iaz gerra zibilean fusilatuko hiru herritarrei eta hauen senideei egindako aitortza publikoan berriro topo egin genuen eta hizketan jardun genuen. Udan praktikak egin nituen Aranzadi Zientzia Elkartean eta horren haritik eskaini zidan Pacok ikerketa honetan parte hartzea. Gustu handiz eman nion baiezkoa.

Torturaren erreferentziarik ba al zenuen aldez aurretik?

Irakurrita bai, banuen torturaren aditzera, eta ez bakarrik hemen baizik eta mundu mailan torturak izandako eraginaz erreferentziak ere bai. Maila pertsonalean, ordea, ez nuen torturatutako inor ezagutzen ez herrian ezta inguruan ere.

Nola gauzatuko du ikerketa hori Kriminologiako Euskal Institutuak?

2016ko abendura arteko epea eman digute proiektua gauzatzeko. Lehen fasean tortura alegazioen kopuruaren kuantifikazioa eta dokumentazioa egin da. Orain bigarren fasean sartuta gaude eta ondorengo urtebetean kasu bakoitza egiaztatzen saiatuko gara. 200 kasu esanguratsuenak aurkeztu eta horietatik 40 modu narratibo eta informatiboan aztertuko dira. Azken fasean, errekonozimendu, konponketa eta prebentzioari buruzko ondorioak eta gomendioak zehaztuko dira.

Zenbat kasu egiaztatu dira dagoeneko?

1960. urtetik 2013. urtera 3.000 salaketatik gora daude jasota eta horietako gehienak aztertu ditugu. Aurreko otsailean ikerketaren aurkezpen publikoa egin zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ustez torturatuak izan ziren pertsona gehiagoren deiak jaso ditugu. Oihartzun mediatikoa geroz eta handiagoa izan orduan eta jende gehiago animatzen da egin zietena salatzera.

Zein da zure egitekoa ikerketa honetan?

Gure eskura etortzen den informazio guztia irakurri eta beste informazioekin kontrastatzen dugu. Torturaten Aurkako Taldeak, Euskal Memoriak eta beste eragilek kaleratutako liburuetan agertutako informazioa bildu ohi dugu. Gure lana informazio guzti hori antolatzea da; karpeta digitalak sortzen ditugu material guztiarekin. Testigantzak jasoz torturatuei bideoz egindako elkarrizketak editatu eta txosten judizialak eta polizialak aztertzen ditugu. Kontu handiarekin egin beharreko lana da eta beraz, ardura handia eskatzen du.

Dokumentazio hori topatzea erraza al da?

Osasun txostenak edo txosten judizialak badaude zenbait kasutan, baina beste askotan ez. Euskarri dokumentalik ez dagoen kasuetan Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerketa buruek hartzen dute ardura eta zuzenean iturrietara jotzen dute, testigantza jasotzera. Dagoeneko torturatuak izan diren pertsonei elkarrizketak grabatu zaizkie bideoz.

Arreta eman dizun kasuren bat topatu al duzu ikerketan?

Bai, noski; baina ezin dugu horren inguruko informaziorik eman. Lan honetan hasi ginenean konfidentzialtasuna mantenduko genuela hitz eman genuen eta horri eutsi behar diogu.

Behin lanean hasita ikuspegia aldatu al zaizu torturaz?

Banekien munduan zehar gauza lazgarriak egin izan direla. Proiektuan sartzerakoan, ordea, oso modu gertukoan bizi izan ditut. Adibidez, karreran ikasitako tortura metodo horiek gero hemen, gure artean, praktikara nola eraman diren ikusi ahal izan dut. Eta nahi gabe, enpatiagatik, ni ere hunkituta geratu naiz kasuak ezagututa.

Erraza al da distantzia emozionala mantentzea tortura kasuen aurrean?

Banekien nora nindoan, baina hasieran gogorra egin zitzaidan lehen eskutik kasu horien berri jakiteak. Ez da erraza baina lan zientifikoa egiten ari gara eta zorroztasunez egin nahi badugu alderdi emozionala eta arrazionala bereizten jakin behar dugu. Oso gertakari gogorrak ezagutu ditut eta ia ezinezkoa egiten zait sinistea norbaitek hori egin zezakeenik. Jende askok itsuarena egiten du, tortura existitu ez balitz bezala jokatzen du. Baina horrelako gauzak errepikatu ez daitezen gisa honetako lanak egin beharrekoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!