Atxulondoren erreformarako unea dela dio EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 29a, 10:05

Datozen hilabeteetan, Aiztondo bailarako liburutegia egiteko lanak egingo dira Joxe Arregi plazako lokaletan. Horrela, liburutegia Atxulondo kultur etxetik aterako da.

"Udal taldeak egindako lan bikainaren emaitza da liburutegi berria, sinestu zutelako egin zitekeela, eta bereziki, herritarrek proiektua bultzatu zutenaren seinale, Tolosaldean herritarrek aukeratutako proiektu bat izan baitzen", gogorarazi du Maite Amenabar EH Bildu koalizioko zerrendan bigarrenak.

Liburutegia aterata, Atxulondoren erreforma datorren legealdian gauzatzea proposatzen du koalizioak. "Orain da unea. Igogailua jarriko da udan kultur etxean, eta datorren urte hasieran edo liburutegia aterata, gogoeta egin behar dugu zer nolako Atxulondo kultur etxea behar dugun", dio Amenabarrek.

Kultur gune erreferentziala

Zizurkilek kultur gune moderno eta erreferentzial baten beharra duela dio Amenabarrek. "Ikastaroetako, hitzaldietarako, emanaldietarako eta suerta daitezkeen beste beharrei erantzuteko gai den eraikina behar dugu, eta EH Bildu prest dago apustua egiteko". Kezka ere azaldu du koalizioaren zerrendako bigarrenak. "Zizurkilek liburutegi berriaren beharrik ez duela esaten entzun dugu EAJko zinegotzi bat azken plenoan; asko kezkatzen gaitu herriaren aldeko apustua ez egiteak. EH Bilduk kirol eta kultur azpiegitura onenak nahi ditu Zizurkilentzat: guk geuk sinistu behar dugu ez garela beste inor baino gutxiago".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!