Orain arte albora geratu diren inbertsioak gauzatuko ditu Zizurkilek

Martxoaren 13an egindako ohiko osoko bilkuran 3.309.455 euroko aurrekontua onartu zuen Zizurkilgo Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentziorekin. Azkeneko lau urteetako aurrekontu altuena da eta iaz baino 200.000 euro handiagoa eta 700.000 euro inguru bideratuko dira inbertsioetara.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duten ekarpena handitu egin da aurten; 2 miloi dira eta sarrera guztien erdia suposatzen du kopuru horrek. Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak eman du gastuen berri: «Ohiko funtzionamendura aurrekontuen heren bat bideratzen dugu. Azpiegiturak mantentzen ere beste puska handi bat joaten zaigu. Kontuan hartu behar da bi auzoetan dagoela zatituta herria eta horrek gastuak biderkatu egiten ditu». Mankomunatuta dituzten hainbat zerbitzuren ordainketa eta batzordeetara bideratzen duten diruaz gainera azken urteetan diru kopuru bat erabili dute zorra kitatzeko: «Duela lau urte hiru miloi inguruko zorra zegoen udalean eta legegintzaldi honetan asko pisatu du horrek aurrekontuetan. Gaur egun, 1,7 miloi eurora jaitsi dugu», nabarmendu du Lizarragak.

Urtez urte, zorra kitatzera bideratutako dirua murrizten ari denez eta ekarpenek ere gora egin dutenez inbertsioetarako diru gehiago bideratu ahal izango dute aurten Zizurkilen. «Egoera ez da hain estua eta behingoz arnas pixka bat har dezakegu». 733.200 euro gastatuko dira proiektu berrietan.

Zizurkilgo Udalak kontu handiarekin zaindu ditu aurreko urteetako inbertsioak eta horiek aurrera ateratzeko diru laguntza bila jardun da. «Beti kajoian geratzen ziren proiektuak aurrera aterako dira aurten eta horrek poza ematen du». Inbertsiotarako 2012an baino 500.000 euro gehiago erabili ahal izango dituzte aurten, adibidez.

Proiektu handienetakoa, liburutegi berria izango da. Joxe Arregi plazan egingo da, etxe berrien behealdean. 300.000 euroko inbertsioa eskatzen du Aiztondoko bailarari zerbitzua emango dion liburutegiak. Proiektuaz ilusioz hitz egin du Lizarragak: «Gastu horri aurre egiteko 250.000 euroko laguntza izango dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdez eskualde 500.000 euro jarri zituen herritarren eskura eurek aukeratutako proiektuetan gastatzeko. Tolosaldean aukeratutako proiektuetako bat da liburutegiarena». Urtea bukatzerako martxan jarri nahi dute. Legealdi honetan berritu duten Joxe Arregi plazan lekutzen dira aurten Zizurkilen egin asmo dituzten beste bi proiektu garrantzitsu: plazako estalkia eta Atxulondoko igogailua. «Estalkiarena plazaren proiektua erabakitzeko unean herritarrek egin zuten ekarpena izan zen. Zizurkil Beheran estalitako gunerik ez dagoenez herritarrek bereziki eskatzen zuten egitasmoa zen».

Beste asmo batzuk ere baditu Zizurkilgo Udalak. Azken Portuko plazan egindako etxebizitzen atzealdean, Iartza baserriaren ondoan, herri baratzen proiektua egingo dute. Bi errepide ere konponduko dira: Abeletxe bidean dagoena eta Fraisoroko laborategitik gorakoa; azken hau Amasa-Villabonarekin elkarlanean egingo dute

Hain zuzen, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubian izan diren istripuak ekidin nahian, irristakortasuna konpontzeko lanak egingo dira aurtengo urtean.

Zizurkil Goiari dagokionez, ekimen pribatuko etxebitzak egiten hasi dira bertan eta obrak amaitu bitartean Udalak ez du asmo berezirik zonalde horretan egiteko. Hori bai, epe ertainera Pello Mari Otaño plaza oinezkoentzat moldatzeko asmoa dute. «Pixkanaka herritarren artean ohitura hori sustatzeko neurriak hartu ditugu dagoeneko».

Inbertsio nagusiak

733.200 EURO

Aiztondoko liburutegi berria. 300.000 euroko inbertsioa eskatzen du. 250.000 Aldunditik jasoko dira.

Atxulondoko igogailua. 158.000 euroko inbertsioa egingo da.

Joxe Arregi plazako aterpea. 15.000 euroko bideratuko dituzte estalki berria egitera.

Baratze komunitarioak. 45.000 euro gastatuko dira proiektuan. Horietatik 40.000 Kutxak jarriko ditu.

Fraisoroko bidearen konponketa. Amasa-Villabonako Udalarekin batera egingo dira lanak. 5.000 euro bideratuko dira Zizurkildik.

Abeletxeko bidearen konponketa. 74.000 euro balio du konponketak. Erdia jarriko du Udalak-

Oinezko zubiaren irristagarritasunaren koponketa. 2.500 euro inbertituko dira lan horretan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!