Josean Sanchez izango da Zizurkilgo PSE-EEren alkategaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 25a

"Zapalduak izan diren horiei ahotsa" emango diela nabarmendu du, Denis Itxasorekin batera eskaini duen agerraldian.

Gaur egun Hernaniko Udalean ari da zinegotzi lanetan, baina zizurkildarra berez, eta bere herrian lan egiteko "gogotsu" azaldu da.

Agerraldian eskerrak eman nahi izan dizkio alderdiari, "aukera hau emateagatik": "Ohorea da sigla hauek ordezkatzea eta horiekin lan egitea, sozialismotik, gaur egun dauden erradikalismo horien aurrean".

Denis Itxaso aldun nagusi izateko hautagaiak "beharrezkotzat" jo du Sanchezen hautagaitza, "herritarren kezken aurrean hutsune bat izaten ari baita gaur egungo gobernua". Horrela, adibidetzat hondakinen kudeaketa nabarmendu du Itxasok: "Tentsio handia sortu dute herrian, eta entzunez, elkarrizketatuz eta akordioak eginez konpondu beharko zuketen auzia. Ez dago inposizioa baino okerragorik demokrazian".

Horrela, Josean Sanchezek aurrera begira dituen zenbait helbururen berri eman du eta, besteak beste, herriko merkatarien nahiz enpresen kezkak jaso nahi dituela azaldu du: "Programa sozial eta sinesgarria osatuko dugu, izan ere, Gipuzkoak gaur egun duena baino zerbait hobea merezi du. Jendea nazkatuta dago egiten ez dakitenez, Bilduren gobernuez".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!