Eneko Agirre munduko onenekin Alemanian dago

Asier Imaz 2015ko ots. 19a, 16:16

Eneko Agirre zizurkildarra Alemanian dago, munduko txapelketan parte hartzeko prest. Mushing-ean ibiltzen da Agirre, hain zuzen ere, Skijoring-ean. 

Gaur hasiko da lehia, eta zizurkildarra ikustera eta ikastera joan da bertara. Aurrez, ordea, kirolaren eta bere ibilbidearen inguruan hitz egin du Tolosaldeko Atariarekin.


«Mushing-a kirolaren izen orokorra da. Azpi kategoriak ditu, eta horietako bat da Skijoring-a». Eskualdean ezagunagoa den beste kategoria bat, txakur krosa izango litzateke. Mushing-ean bi elementu errepikatzen dira: txakurra eta kirolaria. Korrika, bizikletan, eskiekin... modalitate desberdinak orduan sailkatzen dira. Skijoring-a, eskiatzailea eta txakurraren artean egiten da. Eta Eneko Agirrek, modalitate horretan lortu zuen munduko txapelketarako txartela. «Iaz serioski planteatu nuen skijorinari heltzea, eta munduko txapelketa jarri nuen helburu. Aurten Alemanian tokatzen zen, eta beraz, bidaia egiteko modukoa zen. Aurrekoa Alaskan izan zen, eta hara joatea adibidez, ezinezkoa izango zen», argitzen du Agirrek.


Esan eta egin. Munduko txapelketarako txartela lortzeko, Espainiakoan parte hartu behar izan zuen, eta hor, lehen hirurek bakarrik zuten Alemaniarako txartela. Horien artean, Eneko Agirre: «Hirugarren postuaren lehian ibiltzeko aukerak nituela pentsatzen nuen, baina azkenean, ezustean, bigarren gelditu nintzen. Asteburua ondo atera zen, eta aurrera».


Mushing mundura txakur krosari esker iritsi zen zizurkildarra. Hobby moduan, zerbait berria probatu nahian hasi zen Eneko Agirre. «Azkenean ziklo batean sartzen zara, eta hau eta hura probatzen, skijoring-era iritsi nintzen. Elurrik ez dagoenean, bizikletarekin edo patinetearekin ibiltzen naiz, baina esan dezaket, datorren urteetarako aukeratu dudan kirola skijoring-a dela».


Helburu horretan ibiltzeko, kirolaria eskien gainean ibiltzen da, eta txakurra aurretik. Bien arteko lotura  goma zati bat duen soka da, «txakurraren lehen kolpea leuntzeko». Pertsona eta animalia arnes batekin egoten dira egokituta, minik har ez dezaten sokaren kolpeen ondorioz.


Eneko Agirre eskien gainean joaten den arren, esperientzia handiegirik ez duela dio: «Lotsa pasatzen dut batzuetan, eskiatzera joaten naizenean. Nire fuertea txakurrak dira. Entrenatzen ikasten ari naiz, eta eurengan zentratzen naiz. Eskiekin, ba ongi moldatzen naizela esan behar. Hala eta guztiz ere, Alemaniara joatean badakit zer egongo den, eta nire helburua parte hartzea, ikustea, ikastea eta disfrutatzea da».


Agirrek bost txakur ditu. Alemanian horietako bakarrarekin lehiatuko da. Zein aukeratu, ordea, nahiko argi dauka: «Lenny-rekin sailkatu nintzen munduko txapelketarako, eta nik uste, bera izango dela aukeratua; merezita du». Arrazari dagokionez, guztiak Alaskarrak dira, hau da, ehiza zakurren eta iparraldeko txakurren arteko nahasketa. Horrekin, distantzia eta esplosibitatea nahasten dira. Skijoring sprint distantzian lehiatzeko egokiak, izan ere, Alemanian, 16 kilometroko lasterketan ariko da Eneko Agirre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!