AHTko lanek beste zulo bat eragin dute Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 28a, 11:58
Tunel honen barruan agertu zen zuloa.

EFE agentziaren arabera, Euskal Trenbide Sarea iturri gisa aipatuz, atzo arratsaldean agertu zen zuloa, tunel bat egiteko indusketetan ari zirela. Lau metroko sakonera eta bost metroko zabalera ditu. Dagoneneko lurra egonkortzeko lanak egin dituzte.

Hernialde-Zizurkil (Gipuzkoa) zatian agertu zen zuloa atzo arratsaldea. Tunelaren sabaian hamar metroko estalgarria zegoen lekuan gertatu zen, ETSren arabera, eta iristeko leku erraza izanik, atzo bertan estali zuten.

Zuloa agertu den AHTaren zati hori Hernialde, Anoeta, Asteasu eta Zizurkilgo lurretatik pasatzen da, eta 5.870 metroko luzera du zati osoak, eta horietatik 5.030 metro tunela dira eta beste hiru zubibideak dira.

Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak azaldu duenez, "mugimendu askoko lurra" da hori eta hormigoiz estali dutela jakinarazi diote.

Bigarren zuloa


Ostiralean agertutakoa ez da Hernialde-Zizurkil zatian sortutako bakarra. Pasa den urrian izan zen lehen lur jauzia, Hernialden.
Olatza bailaran sortu zen zuloa Hernialde azpitik doan tunela egitean. Hasiera batean 15 metro inguruko diametroa zuen zuloak eta 1.200 metroko sakonera, baina gerora handitu egin da. Lur jabeak Atariari azaldutakoaren arabera, bere lurretan makinarik ez zen sartu eta ez zuten zundaketarik egin.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bere aldetik, ohikotzat jo zuen Hernialdeko zuloaren agerpena. Azaldu zutenez, «tximinia» erraten diete halako lur erorketei, eta bertzelako azpiegitura lanetan ere gertatu ohi dira antzekoak.


AHT Gelditu!-ren salaketa


Abiadura Handiko Trenaren kontrako elkarlanak gogor salatu du bigarren zulo honen agerpena: «Zulo batekin nahikoa ez, eta hara non dugun Tolosaldean kaleratutako bigarrena. Gogor salatzen dugu AHTa bera, zein bere bultzatzaileak».
Elkarlanak EAJren jarrera gaitzetsi du, beraien ustez «herritarroi zerbitzu publikoak kenduaz diru ugari poltsikoratzen» dutelako. Enpresa pribatuak ere ekarri dituzte gogora, «hauek oso ondo eramaten dira aipatu ditugun politikariekin eta elkarri babestuz, ustelkeria ugari ditugu ikusgai».
AHTaren lanak salatzen jarraituko  dutela esan du elkarlanak, eta hilaren 7an, Durangoko Azokaren karietara, 17:00etan Durango bertan egingo duten elkarretaratzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!