Loidi baserriak irabazi du Baserriko Argia saria

Mikel Iraola 2014ko urriaren 13a

Atzo ospatutako Zizurkilgo XVII. Azoka Berezian, herriko posturik ederrenaren saria jaso zuen Anparo Otañoren baserriak. Erraldoi berrien izenak ere erabaki zituzten herritarrek.

Eguraldia lagun, giro paregabea izan zen Zizurkilen egun osoan zehar. Jende ugari bildu zen azokako postuak ikusi eta produktuak erostera. Barazkiak, fruituak, gozoak, onddoak, txerrikiak, artisau produktuak, jantziak... orotariko produktuak izan ziren eskuragai. 3D inprimagailuek arreta berezia piztu zuten bertaratutakoengan, bereziki, gaztetxoenengan.

Postuez gain, beste hainbat hitzordu izan ziren azokaren baitan. Umeentzat puzgarriak eta bestelako jokoak izan ziren. Kantu jirak ere giro bikaina jarri zuen Teodoro Hernandorena kalean zehar. Iriarte etxetik ere jende ugari pasa zen Zizurkilgo baserri zaharren argazkiak ikustera.

Arratsaldean, berriz, erraldoiak irten ziren kalera, Lezo, Ordizia eta Añorgakoekin batera. Tartean ziren Maurizio eta Bernarda. Izen horiek aukeratu zituzten Zizurkilgo bi erraldoi berrientzat, goiz osoan, proposamenak biltzen ibili ostean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!