Lau atxilotu ustez kalamu sail batean lapurtzen saiatzeagatik

Ataria 2014ko irailaren 19a

Gaur goizaldean lau pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Zizurkilen indarrezko lapurreta delitu baten ustezko egileak direlakoan. Era berean, 700 kalamu landare aurkitu ditu Ertzaintzak Zizurkilgo baserrian, eta 47 eta 53 urteko bi gizonezko auzipetu ditu kalamu landareen errespontsable izateagatik.

Goizaldeko laurak aldera jaso du Ertzaintzak telefono deia zenbait pertsona matxete, makil, igitai eta sardeak zituztela etxebizitzan sartzen saiatzen ari zirela esanez. Agenteak baserri ingurura gertura direnean, auto bat ziztu bizian ihesi ikusi dute. Autoa geratu ostean, ustezko 21 eta 28 urte bitarteko lau pertsona atxilotu dituzte lapurreta delitua egotzita. Momentu horretan bertan, etxebizitzaren barrutik hartutako matxete-funda bat eta tablet bat zituzten atxilotuek ibilgailuan. Ertzaintzak ez du ikerketa itxi, gertakariaren parte izan daitezkeen beste lapur batzuk aurkitu, identifikatu eta atxilotu ahal izateko.

Lehen lapurreta saiakera hilaren 15ean egin zuten. Eta kalamu landareen jabeak salaketa jarri zuten.

Hernaniko ertzain-etxeko agenteek zazpiehun marihuana landare konfiskatu zituzten atzo Zizurkilgo baserri bateko plantazio batetik. Plantazioaren jabeek, 47 eta 53 urteko bi gizonezkok, lapurreta egiten saiatu zirela salatu zuten duela bi egun. Biei substantzia estupefazienteen trafiko-delitu bana egotzi zaie. 

Bart gauean lapurrak bueltatzean landareak ez zeudela ikustean alboko baserrian sartzen saiatu dira 12 pertsona. Ertzaintzari deitu ostean, lau atxilotu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!