Txoriak ‘ehizatuz’

Ataria 2013ko ekainaren 19a

Zizurkilen ere bada zer ikusi. Juan Mari Ibarzabal argazkilariak Euskal Herriko basoetan aurkitzen diren hainbat txori espezieren 32 argazkirekin osatutako Txoriak izeneko erakusketa, hain zuzen ere.

Txolarre eta zozoez gain, Euskal Herriko ibai eta basoetan «kolore eta txorrotxioz betetako mundu» bat dagoela dio Ibarzabalek. Horietako espezie asko migrazio mugimenduetan etortzen dira, atsedena hartu edo umealdia lasai izateko asmoz.

Argazki hauek atera ahal izateko, «arreta eta pazientzia» ugari behar izan du argazkilariak. «Hegaztiei argazkiak ateratzean, kontuz ibili behar da gure tresnak ezartzeko garaian, beren habitatean sartzen ari garenez, euren ohiturak aldatu ditzakegun arrotz batzuk baikara. Horregatik, gure presentzia gogaikarria izan ez dadin, ahalik eta oharkabekoen izateko tresnak erabili behar dira».

Erakusketan, erabilitako teknika horien berri jakin ahal izango da: sarearen atzean jartzearena edota etxolarena. «Orduak eta orduak» igaro behar izan ditu argazki horiek ateratzeko.Txori hauen bizimodua zein den helaraztea da bere helburua.

Datorren ostirala, hilaren 21a izango da erakusketako azken eguna. 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez,  16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Atxulondon.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!