Grebara deitu dituzte metalgintza alorreko langileak datorren astean

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 14a, 07:00

Gipuzkoan hiru greba egun egingo dituzte datorren astean metalgintza alorreko lantegietan. Bi taldetan banaturik egingo dute presioa sindikatuek metalgintzako lan itunak berritzeko.

Zizurkilgo Huyck Wangner-eko langileak, atzo Donostiako gizarte arloko epaitegian.

Alde batetik, ELA dago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzako sindikaturik indartsuena. Hiru lurralde horietan bost eguneko lanuztera deitu ditu datorren asterako langileak, baina soilik gutxieneko edukiak bermatzen dituen itun bat indarrean ez duten enpresetako langileak. Metalgintzako langile guztiei dei egin diete, berriz, LABek, CCOOk eta UGTk. Gipuzkoan 17an, 19an eta 21ean egin nahi dute greba.

Astelehenean erregistratu zuen grebarako deialdia ELAk, baina lau sindikatuak ez ziren ados jarri mobilizazio bateratuak antolatzeko. Gainerako hiru sindikatuek egutegi bateratua hitzartu dute. Desadostasun handiak daude bi blokeen artean: ELAk batik bat enpresako itunak bultzatzen ditu, uste baitu horiek direla Espainiako Gobernuaren lan erreformaren aurrean babes handiena eman dezaketenak.

LABek, CCOOk eta UGTk, berriz, uste dute oraindik badagoela langileak lurraldeko hitzarmenen bidez babesteko modua.

Peroteko langileak auzitegian

Bestalde, Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko kaleratutako beharginak Donostiako gizarte arloko epaitegiaren aurrean elkartu ziren herenegun. Bertan, kaleratzeen aurkako banakako helegiteak aurkeztu zituzten. Pasa den hilean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian jarri zuten Huyck Wangnerreko zuzendaritzak 74 langileak kaleratzeko erregulazio dosierraren aurkako helegitea. Dosierraren aurkako epaiketa uztailaren 9an abiatuko da, eta legeak dioen moduan, hura amaitzean hasiko lirateke banakako salaketekin.

Mikel Zabaleta ELAko ordezkariak azaldu duenez, zuzendaritzari eskaria egin diete langileek beste behin: «gatazka hau konpontzeko epaitegia ez da bidea, eta mahaian eseri daitezela eta bi aldeen artean irtenbidea bilatu dezatela eskatzen diegu». Bestalde, erakunde publikoentzat ere luzatu du mezua Zabaletak: «Huyck Wangnerreko zuzendaritza lan erreformaz baliatzen ari da era merkean deslokalizazioa burutzeko; horrek aurrekaria sor dezake beste enpresetan, eta esku hartu dezatela eskatzen diegu».

Bitartean, Huyck Wangner lantegiko beharginek mobilizazioekin jarraituko dute, eta larunbatero elkartuko dira Trianguloan, 11:00etatik 11:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!