Huyck Wangner-eko zuzendaritza eta langileak elkartuko dira gaur

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 12a, 00:42

Bigarren Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu zutenetik gaur izango dute hirugarren bilera Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako langile batzordeak eta zuzendaritzak. Donostiako Precon bilduko dira 12:00etan bi aldeak. Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, ez du «aldaketa handirik» espero enpresarengatik, «agian, kalte-ordainetan igoeraren bat sartuko dute, baina ezer gehiagorik ez».

Bestalde, Zizurkilgo enpresako langileek bi hitzordu garrantzitsu izan zituzten atzo. Batetik, ikuskaritzarekin bildu ziren, eta bi aldeen arteko akordiorik ez badago langileen aldeko txostena egingo duela baieztatu zuen. Zabaletak adierazi duenaren arabera, «prozedura juridikoan garrantzitsua izan daiteke hori, nolabaiteko babesa eman baitiezaioke langileei».

Bestetik, Gipuzkoako Batzar Orokorretan agerraldia egin zuen atzo Huyck Wangner lantegiko langile batzordeak. Zabaletak positibotzat jo du agerraldia: «Alderdi politiko guztiek elkartasuna eta babesa adierazi digute; Bilduren kasuan, foru aldundiarekin bilera eskatuko dutela esan digute, eta EAJren kasuan, Jaurlaritzaren Industria sailarekin hitz egingo dutela dauden aukeren gainean esan dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!