Ziklo berria zabalduko duen hitzordua

Tolosaldeko Ataria

Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen jarraipena egingo du Tolosaldeko Atariak igandean, herriz herriko eta unean uneko datuekin eta alderdien balantzeekin.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira igande honetan. Aurreko hauteskundeak 2023ko uztailaren 23an egin zituzten; Eusko Legebiltzarrerakoak, berriz, 2024ko apirilaren 21ean, eta Europar Parlamenturakoak 2024ko ekainaren 9an. Hogeita hamar hilabete pasatu dira, beraz, azken hauteskunde-hitzordutik.

2023ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Tolosaldean 36.370 herritar zeuden botoa ematera deituta, eta 23.207k eman zuten botoa. Parte-hartzea, beraz, % 63,8koa izan zen. Aurten, Tolosaldean, 37.044 herritarrek dute botoa emateko eskubidea. Hautesle-errolda hazi egin da azken hiru urteotan: eskualdean 674 herritar gehiagok dute botoa emateko eskubidea.


  Hautesleak Tolosaldean
ABALTZISKETA 259
ADUNA 378
ALBIZTUR 261
ALEGIA 1.270
ALKIZA 262
ALTZO 358
AMASA-VILLABONA 4.379
AMEZKETA 766
ANOETA 1.618
ASTEASU 1.229
BALIARRAIN 103
BELAUNTZA 204
BERASTEGI 908
BERROBI 438
BIDANIA-GOIATZ 412
ELDUAIN 195
GAZTELU 123
HERNIALDE 270
IBARRA 3.138
IKAZTEGIETA 346
IRURA 1.346
LARRAUL 211
LEABURU 305
LIZARTZA 488
ORENDAIN 178
OREXA 85
TOLOSA 15.258
ZIZURKIL 2.256
  37.044

EH Bildu izan zen orduko hartan lehen indarra Tolosaldeko 26 herritan, eta EAJ, berriz, alderdi bozkatuena izan zen Abaltzisketan eta Albizturren. Eskualdeko hamar herritan (Abaltzisketa, Aduna, Altzo, Baliarrain, Belauntza, Bidania-Goiatz, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orendainen) Sumar izan zen hirugarren alderdia, eta gainerako guztietan, berriz, PSE-EE. Salbuespena Zizurkil izan zen: EH Bilduren atzetik, alderdi sozialistak eskuratu zuen bigarren postua 2023an. Orexan, aldiz, EH Bildu izan zen botoak eskuratu zituen hautagaitza bakarra.

Maiatzera begirako joerak

Hauteskunde-ziklo honetako lehen hitzordua izango da datorren igandekoa. Sei hilabete eskasera egingo dira hurrengo hauteskundeak: udal eta foru hauteskundeak. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan ikusgai dago alderdiek 2023ko emaitzak hobetu edo okertuko ote dituzten. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, esate baterako, EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena Tolosaldean, 11.362 boto jasota. Bigarren indarra EAJ izan zen, 7.378 botorekin; hirugarrena, PSE-EE, 1.650 botorekin; laugarrena, Elkarrekin Podemos, 793 botorekin; eta bosgarrena, PP, 342 botorekin.

Datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako joerak aztertzeko balioko dute igandeko emaitzek.

Jarraipena 'Ataria'n

Tolosaldeko Atariak Espainiako hauteskundeen jarraipena egingo du igandean. Batetik, 14:00etan eta 18:00etan emango diren parte-hartze datuen berri emango du. 20:00ak arte izango dute herritarrek botoa emateko aukera, eta, behin zenbaketa hasita, datu ofizialak eta horien grafikoak ikusgai izango dira Ataria.eus-en.

Gainera, herriz herri ikusi ahal izango da zein izan diren alderdi bozkatuenak, eta aurreko hauteskundeekin alderaketa egiteko aukera ere izango da. Era berean, hauteskundeek Tolosaldean utzitako emaitzak eta alderdiek emaitza horien inguruan egindako balorazioak ere irakurri ahal izango dira webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!