A11 Greba Orokorra

Espekulatzaileak eta errentistak hartu dituzte jo-puntuan

Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka mobilizatu dira Tolosan, alokairuen garestitzea, etxegabetzeak eta gazteen emantzipatzeko zailtasunak salatzeko.

Etxebizitza sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak eta herri mugimenduko hainbat eragilek manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean. Etxebizitzaren arazoari behin betiko konponbidea emateko, espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute bertan bildutakoek. Antolatzaileek nabarmendu dute 2.500 herritar inguru bildu direla manifestazioan.

Hiru norabidetan aurrera egitea eskatu dute: «Lehenik eta behin, espekulatzaileei ondasunak espropiatu behar dizkiegu; hemen milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude. Beraz, haiek berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatu behar ditugu, inor langileen soldaten kontura aberastu ez dadin. Eta hirugarrenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Baliabideak modu arrazionalean banatu behar dira, irabazi pribatuaren mende egon gabe; izan ere, merkatu libreak, eskaintzaren eta eskariaren logikaren bidez, arazoa betikotu baino ez du egiten».

Gaurko mobilizazioan, erantzukizun politiko eta instituzionalak ere seinalatu dituzte. Manifestazioaren amaieran adierazi dutenez, eskuineko alderdiak ez ezik, PSOEren gobernua eta hura babesten duten alderdiak ere erantzule dira: «Handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez ditu agindutako aldaketak ekarri, eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago».

Greba antolatu dutenen arabera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek ere higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte. Udalei dagokienez, etxegabetzeak baimentzea edo zuzenean gauzatzea egotzi diete, alternatibarik eskaini gabe. Tolosan, behin baino gehiagotan kaleratuak izan diren etxerik gabeko pertsonak aipatu dituzte adibidetzat.

Eskualdeko errealitatea

Eskualdeko herritarrek gero eta zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza eskuratzeko. Gazteen egoera, gainera, are zailagoa dela salatu dute: «Emantzipatzeko aktibatu diren laguntzak ez dira nahikoa. Etxebideko zerrendetan urteak pasatzen dituzte ehunka gaztek». Tolosa eremu tentsionatu izendatzeak, oraingoz, ez omen du benetako eraginik izan.

Donostiatik eskualderantz turistifikazio-prozesua zabaltzen ari dela salatu dute manifestariek: «Etxe-jabe handiek bloke osoak erosten dituzte, gero garestiago saltzeko edo alokatzeko». Egoera horrela dagoen bitartean Tolosan hotel berri bat eraiki nahi izatea txarretsi dute manifestariek. Tolosako Alliri auzoko 21 familien izenean, bizilagun batek hartu du hitza manifestazioaren amaieran: «Egun batetik bestera 300 euroko alokairu-igoera inposatu digute. Ez gaude prest abusu hori onartzeko, eta aurrerantzean ere ekintza sindikalean aritzeko prest gaude. Ez dugu onartuko gure bizitzekin negozioa egitea».

Aiztondon, Villabonako Errebote plazatik abiatuta manifestazioa egin dute Zizurkileraino. 400 herritar inguru elkartu dira mobilizazio horretan. Salatu dute etxebizitza eskasia dagoela bailaran eta alokairuen prezioak gora egin dutela. Aurretik, Abargi gazte asanbladak emandako datuak ere eman dituzte ezagutzera.  Aiztondoko etxebizitza-arazoaren egoeraren aurrean, kezkatuta agertu dira grebaren deitzaileak: «Errealitate gordina aurkezten zaigu gure bailaran, eta ez dirudi egoerak hobera egingo duenik, ezta orain arte bezala udalek egoera honi aterabidea emateko gaitasuna izango dutenik ere».

Antolatzeko deia

Greba Orokorraren egunean, langile-klasea batzearen aldeko deia egin dute. Horretarako, etxebizitzaren arazoaren alderik gordinenak jasaten dituztenen egoera erreferentziatzat hartzea proposatu dute: «Emakume langileak, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar dutenak; sexu- eta genero-disidenteak, etxetik kanporatuak izateko arrisku handiagoa dutenak; babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileak; eta higiezinen agentzien zein etxe-jabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatuak eta migratuak».

Bidegabekeria guztiei aurre egiteko eta hobekuntzak lortzeko, antolatzeko deia egin dute gaur Tolosan: «Ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea. Ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresna onenak. Langile-klase antolatu eta indartsua behar dugu, antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor baitaitezke gauza handiak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!