A11 Greba Orokorra

Etxebizitza eskasia salatu du Abargi gazte asanbladak

Gazte asanbladak salatu du etxebizitza eskaintza urria, garestia eta kalitate txarrekoa dela bailaran, eta etxebizitza hutsen kopurua zein alokairuen garestitzea jarri ditu mahai gainean.

Abargi gazte asanbladak salatu du etxebizitza eskaintza urria, txarra eta garestia dela Aiztondo bailaran. Egoerari egiturazko irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatu dute.

«Putre funtsek, eraikuntza enpresek, banketxeek, lur-jabeek eta errentatzaileek milioika eurotako irabaziak ateratzen dituzte. Gainera, gobernuak, instituzioek eta alderdi politiko instituzionalek etxebizitzaren negozioa betikotu eta bultzatu egiten dute», adierazi dute asanbladako kideek.

Hainbat datu ere eman dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxebizitza hutsak milioi batetik gora direla azaldu dute. Aiztondori dagokionez, honako datu hauek bildu dituzte: Zizurkilen 146 etxebizitza huts daude, Asteasun 108 eta Villabonan 208.

Horren harira, gazteek etxebizitza horietara iristeko dituzten zailtasunak salatu dituzte. Aipatu dutenez, Villabonako 18 eta 36 urte bitarteko biztanleen % 36k emantzipatu gabe jarraitzen du.

Asanbladako kideek 2025ean Tolosaldean izandako etxebizitza eskaintza ere aztertu dute. Mila biztanleko etxebizitza eskaintzaren ratioa 4,49koa den bitartean, Tolosaldekoa hortik behera dago: 2,66koa da. Herriz herri, Anoetan 0,95ekoa da; Villabonan, 1,56koa; Zizurkilen, 1,73koa; Tolosan, 1,80koa; Asteasun, 3,90ekoa; eta Iruran, 6,4koa.

Iaz, eskualde osoan 133 etxebizitza izan ziren salgai. Anoetan bi izan ziren, Zizurkilen bost, Asteasun sei, Villabonan bederatzi, Iruran hamabi eta Tolosan hogeitamasei, besteak beste.

Alokairuen garestitzea ere nabarmendu dute. 2018tik 2023ra bitartean, alokairuaren prezioa handitu egin da eskualdean. Igoerarik handiena Tolosan izan da, % 20koa: 2018an, batez besteko alokairua 568 eurokoa zen; 2023an, berriz, 682 eurokoa. Villabonan, Ibarran, Iruran eta Anoetan, bost urteko epean, errentak batez beste % 15 inguru egin du gora.

Abargiko kideen esanetan, gazteek lan prekarioak dituzte, eta horrek ez die etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ematen. 2025eko langabezia-tasak ere eman dituzte: Zizurkilen % 6,3koa zen, Villabonan % 6,1ekoa eta Asteasun % 4,1ekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!