Eskualdeko duatloilariek ezin izan zuten garaipena lortu Aian

Izarne Maioz, Maite Murgia eta Ainhoa Urteaga, lehia estuan Aiako mendi duatloiko korrikako saioan. ZABALAFOTO

Gizonezkoetan, Eneko Gurrutxaga amasarra bigarren izan zen, eta Aitor San Sebastian zizurkildarra hirugarren; emakumezkoetan, Izarne Maioz asteasuarra hirugarren izan zen.

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituak erdibidea egin du jada: larunbatean jokatu zen Aian bosgarren proba. Iaz baino partaide gutxiago izan zen Aiako mendi duatloiaren seigarren edizioan: 25 kirolari banaka eta 14 errelebokako proban, 53 guztira. Ibilbide azkarra prestatu zuten Aian, bi sektoretan banatuta: lehenbizi sei kilometro korrika (275 m+), eta ondoren 13,2 kilometro bizikletan (642 m+).

Aurten zirkuituan lehen aldiz aritu diren bi duatloilari gailendu ziren Aian: Eneit Bertiz sunbildarra eta Ainhoa Urteaga zumaiarra. Gizonezkoetan, Bertiz hasieratik aurreratu zen, eta korrika eta bizikletan bera izan zen azkarrena. Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen bigarren, ia lau minutura, eta Aitor San Sebastian zizurkildarra hirugarren, bost minutu pasatxora.

Emakumezkoetan, korrikako saioan, elkarrekin joan ziren denbora askoan Urteaga bera, Maite Murgia lazkaotarra eta Izarne Maioz asteasuarra. Murgiak 48 segundoren aldea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan mendiko bizikletako saioan Urteagari aurre egiteko. Bigarren sektorean, zumaiarrak ia hiru minutuko tartea lortu zuen, eta lehen postuan gurutzatu zuen helmuga. Maite Murgia izan zen bigarren, eta Izarne Maioz hirugarren.

Sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Eskualdean, hiru

Lau proba geratzen dira 2026ko EHMDZ bukatzeko. Hurrengo mendi duatloia larunbat honetan izango da, Ibarran. Azaroaren 14an Idiazabalen izango da zazpigarrena; Euskal Herriko Txapelketa izango da, gainera. Azaroaren 21ean Bidania-Goiazko lehen mendi duatloia jokatuko da, eta azaroaren 28an izango da azkena, Adunan, ohiko sagardotegiarekin eta amaierako festarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!