Bidetxur Mendi Klubak antolatuta, larunbatean egingo dute XVI. Ibarrako Piparra Mendi Duatloia. Parte-hartzaileak 15:30ean irtengo dira San Bartolome plazatik, eta bertan izango dira ere sektoreen aldaketarako gunea eta helmuga. Proba bakarka edo erreleboka egin daiteke, eta gaurko 23:59ak arte eman daiteke izena mendiduatloia.eus-en.
Juan Zubia Bidetxurreko kideak eta Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko zuzendariak esan du zirkuituko orain arteko probetan parte-hartzaile gehienek «azken unean» eman dutela izena, eta badirudi Ibarran hori gertatuko dela. «Badira zirkuituko proba ia denetan parte hartzen ari direnak; 30 laguneko multzo bat da, eta horietako asko Ibarran izango dira».
Ibartarrak argi du mendi duatloian parte hartzeak mendiko bizikletaren teknika «menperatzea» eskatzen duela. «Hori dela eta, parte-hartzea mugatuagoa da». Hala ere, argitu du 14 urtetik gorakoek erreleboka egiteko aukera dutela, eta bikoteko kide bakoitzak korrikako edo bizikletako saioa egiten duela. «Hortaz, mendi duatloia ezagutzeko aukera polita da», gaineratu du Zubiak.
Ordea, ibartarrak aitortu du ez dela erraza parte-hartze kopuru altua bermatzea, «geroz eta kirol proba gehiago» antolatzen direlako, eta korrikako lasterketek «tiradizo handiagoa» dutelako. «Duatloia antolatzen hasi ginenean, hemen inguruan ez zegoen ia kirol probarik, eta jende asko etortzen zen. Gaur egun, ia astebururo izaten da mendi lasterketa, mendi bizikleta martxa eta atletismoko lasterketa bana. Euskal Herria txikia da, kirolari asko ditugu, baina lehia handia da, eta eragina du parte-hartze kopuruan». Aitortu du proba binaka egiteko aukera jarri zutenetik, parte-hartzeak gora egin duela. «Uste dut horretan asmatu genuela».
Gozatzeko modukoa
Bikoteka egiteko aukerak ez ezik, Ibarrako probako ibilbideak kirola bera lehen aldiz probatzeko aukera ematen duela azaldu du Bidetxurreko kideak: «Zirkuituko proba samurrena da, eta, beraz, proba egiteko egokiena. 16 urtetan, askotariko ibilbideak probatu izan ditugu, baina gogorrak ez ziren gustagarriak. Iaz, arinagoa prestatu genuen, eta partaideek asko eskertu zuten. Horregatik, aurten mantentzea erabaki dugu. Ibilbideak gozatzeko modukoa izan behar du, eta ez sufritzeko egina».
21,5 kilometroko ibilbidea da Ibarrakoa, eta desnibel metatu txikia du. «Euria eginda ere, ez da ibilbide txarra, apenas sortzen delako lokatza», esan du Zubiak. Lehen 5,6 kilometroak (178m+) korrika egingo dituzte; ondorengo 14,1 kilometroak (436m+) bizikletarekin; eta azkenik, 1,8 kilometroko (56m+) korrikaldia egingo dute.
Bidetxurrek Enduro Jaitsiera eta Zazpibide Trail lasterketa ere antolatzen ditu. Bada, mendi duatloirako bi proba horietako bideak aprobetxatzen dituzte, «aurrez egokituta eta garbituta daudelako». Lehen bi sektoreetan, Zazpibideetan barrena joango dira parte hartzaileak, eta azken korrika saioan Ibarra Piparra ibilbideko zati bat egingo dute.
Ikuskizuna, ziurtatuta
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko seigarren proba izango da Ibarrakoa, eta horrek ziurtatzen du lehiakide onenak bertan izango direla. «Ikuskizuna ziurtatuta dago», esan du Zubiak. Gizonezkoetan, Eneko Gurrutxaga amasarra eta Aitor San Sebastian zizurkildarra dira faboritoak. Gurrutxaga zirkuituko liderra da, 99 punturekin, eta San Sebastian bigarren postuan dago, 77rekin.
Emakumezkoetan, Maite Murgia lazkaotarra da zirkuituko liderra, 94 punturekin, eta gertu du Izarne Mayoz asteasuarra, 85ekin. Bestalde, Ainhoa Markinezek parte hartu duen bi probatan lortu du garaipena, eta Ibarran bada, onenen artean egongo da. Maitane Garmendia ibartarra hirugarren izan zen Kanpezuko proban, aurtengo zirkuituko bere lehen proban, eta baliteke herrian ere parte hartzea.
Aurrez, haurrak
Helduen probaren aurretik, Ibarrako Mendi Duatloi Txikiaren txanda izango da. 13 urtera arteko haurrek parte hartuko dute, hiru mailatan banatuta. 15:00etan 11, 12 eta 13 urtekoen proba hasiko da: 840 metro korrika, 1,74 kilometro bizikletan eta 420 metro korrika. 15:15ean izango da 8, 9 eta 10 urtekoen proba: 420 metro korrika, 1,16 kilometro bizikletan eta 420 metro korrika. Azkenik, 0 eta 7 urte artekoen proba egingo dute, 15:35ean hasita: 150 metro korrika, 320 metro bizikletan eta 150 metro korrika.