A11 Greba Orokorra

«Bateraezinak dira etxebizitza eskubidea eta haren negozio espekulatiboa»

Aitor Arroyo Askarai

Nerea Santesteban eta Ane Zubiria, Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak. A. ARROYO

Greba orokorrera begira hiru aldarri nabarmendu dituzte: espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileon beharren arabera planifikatzea.

Azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen alde egingo dute greba orokorra Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuen Sareak, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde zein Hiru sindikatuek. Eskualdean hasi dira greba prestatzen, eta xehetasunak azaldu dituzte Ane Zubiria (Ibarra, 2000) eta Nerea Santesteban (Tolosa, 2002) Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek.

Zerk bultzatuta egin duzue dei greba orokorrera?

Ane Zubiria: Krisiak zeharkatzen du gaur egungo testuingurua, eta bizitzaren garestitzea langileok ari gara pairatzen. Arazoa ez da baliabide falta: aberatsak gehiago ari dira aberasten, langile klasea miseriara bultzatzen dute. Horren barruan, etxebizitzaren prezioa ere gora egiten ari da —salmentan zein alokairuan—, eta gure pobretzearen gakoetako bat dela uste dugu. 

Nerea Santesteban: Arazo honek eztanda egin du azken asteetan. Jendartea ezinegona adierazten ari da eta, antolakuntzarekin batera, baldintzak jarri ditu greba orokorrerako. Greba orokorrak lan zein bizi baldintzak hobetzeko egin ditu langile klaseak historikoki. Gure ustez garrantzitsua da greba honi zentzu borrokalaria ematea, eta erroko aldaketak exijitzea.

Zer aldarrikatzen duzue?

Zubiria: Alderdi parlamentarioek gehiago eraikitzea aldarrikatzen dute etengabe, eraikuntza-enpresen irabaziak bermatuz. Gure ustez, ordea, arazoa da oinarrizko behar bat merkatu espekulatzaile eta errentatzaileen zerbitzura dagoela. Bateraezinak dira etxebizitza eskubidea eta haren negozio espekulatiboa. Etxebizitza eskubidea benetan berma dadin, baldintza errealak jarri behar ditugu. 

Santesteban: Zentzu horretan, hiru aldarri nagusi ditugu: espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileon beharren arabera planifikatzea. Dena dela, badakigu kapitalismoan ezinezkoa dela aldarri hauek gauzatzea. 

Zubiria: Gizarte antolaketa justu bat eraiki behar da; hiru aldarri horiei sozialismoaren eraikuntzak soilik eman diezaieke bide.

Grebarekin zer lortzea espero duzue?

Santesteban: Ikusi dugu indar parlamentarioek ez dutela langile klasearen beharrei erantzuteko intentziorik. Datozen hilabeteetan gertatzen dena gertatzen dela, langile klasea indartsu eta antolatuta egotea garrantzitsua izango da, eta greba orokor honek antolakuntza hori hauspotzeko balio behar du. 

Zubiria: Eskubideak antolatuta eta borrokan irabazten dira, eta Euskal Herrian baldintza errealak badaude etxebizitzaren auziari zentzu iraultzailean eusteko. Azken egunetan izan diren mobilizazioak ikusi besterik ez dago. Greba honekin gure asmoa langileon antolakuntza indartzea da, eta baldintzak sortzen joatea etxebizitza benetan bermatuta egongo den gizarte bat eraikitzeko.

Nola ari zarete grebarako prestatzen?

Santesteban: Deialdia zabaltzeko 100 asanbladatik gora deitu ditugu Euskal Herrian, eta eskualdean, momentuz, Anoetan, Alegian, Ibarran, Tolosan eta Zizurkilen egin ditugu deialdiak. Horietan egingo ditugu greba aurreko prestatze lanak, eta eguna bera ere antolatuko dugu. Dagoeneko hainbat aldarrikapen ekintza ere egin ditugu: Trianguloan etxebizitzen prezioa salatu genuen, eta Imanol Pradales Lehendakariaren aurrean ere mobilizatu gara, EAJren interes espekulatzaile eta errentatzaileak salatzeko. 

Zubiria: Greban parte hartu nahi duten guztiak gonbidatzen ditugu asanbladetan parte hartzera eta azaroaren 11n mobilizazioetara batzera. Etxebizitzaren arazoari errotik heldu behar diogu. Langile klaseak historikoki lortutako garaipenak borroka kolektibo eta antolatuaren bitartez eman dira; eta etxebizitzaren arazoari ere errotik heldu behar diogu. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!