A11 Greba Orokorra

Espekulazioaren aurkako borroka antolatzen

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, asanblada egin dute gaur goizean Tolosako Plaza Berrian, azaroaren 11rako deitutako greba orokorraren arrazoiak azaltzeko, besteak beste. Horrez gain, ekintza deigarria prestatu dute Trianguloan, etxebizitzaren negozioa salatzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak greba orokorrera deitu dute azaroaren 11rako, espekulazioaren eta errentismoaren aurka egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko.

Etxebizitzaren negozioa

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, «etxebizitzaren prezioa etenik gabe doa goraka, eta ez dute espekulazioaren aurkako neurri errealik hartzen». Tolosako egoerari ere erreparatu diote: «Tolosan ere ikusten ari gara negozio honen ondorioa: salgai dauden etxeen metro karratua 3.453 eurotan dago batez beste, alokairua ez da 800 eurotik jaisten, eta eraikuntza berrien prezioa ere izugarri garestia da».

Egoera horren aurrean, neurriak eskatu dituzte: «Horregatik, espekulazioa debekatu behar da, espekulatzaileei etxeak desjabetu eta etxebizitza langileen beharren arabera planifikatu behar da».

Azkenik, herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. Azaroaren 11ko greba orokorraz gain, etxebizitza asanbladetan parte hartzeko eskatu dute. Dagoeneko egin dituzte asanbladak Zizurkilen, Ibarran, Anoetan eta Tolosan; Alegian, berriz, datorren larunbaterako deitu dute bilkura. 11:00etan elkartuko dira, herriko zinean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!