Hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Errigorako udazkeneko kanpainaren barruan, azaroaren 12a bitarte egin daiteke bat Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka ekimenarekin.

Hasi da Errigorako udazkeneko kanpaina. Eskaerak Errigora.eus atarian, euskaltegietan, D ereduko ikastetxe eta ikastoletan, eta hainbat tokitan zabaldu dituzten esku-orrien bidez egin daitezke. Behin eskaera eginda, apiril bukaeran edo maiatzean jasoko dira saskiak.

Hiru saski daude aukeran:

  • Saski beltzak 60 euro balio du, eta Nafarroa hegoaldeko produktu tipikoak ditu.

  • Saski berdeak 5 euro gehiago balio du (65 euro), eta produktu ekologikoz osaturik dago.

  • Saski gorriak 75 euroko prezioa du, eta Eguberrietan oparitzeko aproposak diren produktuak biltzen ditu, hala nola ardi-gazta, polboroiak eta patxarana.

Auzolan erraldoi honi esker, saskien balioaren % 25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da. Urtero 16.000 saski inguru saltzen dituzte, eta horien atzean 24 kontserbagile eta seiehun nekazari inguru daude.

Horrez gain, aurten, Euskararen haziak ereiten egutegi ereingarria ere eska daiteke 10 euroan, eta horietatik 5 euro Lodosako Ibaialde Ikastolari laguntzeko izango dira. Egutegi horiek eskatzeko ezinbestekoa izango da saskiren bat eskatzea.

Gainera, Errigorako lantaldeak Sustraitik espaziora dokumentala egin du. Tolosan gaur ikusi ahal izango da, 19:00etan, Leidor aretoan; eta Adunan, azaroaren 10ean, 19:00etan, kultur aretoan.

Hazia

Errigoraren hazia 2013an erein zuten, Erriberako zenbait ikastolek bizi zuten larritasun ekonomikoari erantzuteko. Herrigintzan zebiltzan hainbat euskaltzale elkartu ziren sosak nondik lortu pentsatzeko, eta bertako produktuekin saski bat osatu eta deialdia egin zuten Euskal Herri osotik eskaera egiteko. Hala, ekinaldi hartatik lortutako diruaren laurdena Tuterako Argia ikastolari eman zioten.

Egitasmoaren arrakasta ikusita, ondoko urtean berriz antolatzea erabaki zuten; izan ere, ikastolez gain, AEKk eta euskalgintzako beste eragile batzuek premia ekonomiko handia zuten. Horrela, hazia ernamuindu eta landare bihurtu zen. Lau adar sendo ere atera zitzaizkion —euskara, bertako produktuak, nekazariekiko harreman justuak eta auzolana—, eta denak loratu ziren, emankor.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!