ELKARRIZKETA

«Zonaldeko euskalgintza lanean ari da euskara indartsu loratu dadin»

Adriana Urmeneta Errigorako kideak azaldu du udazkeneko kanpainari bultzada emateko dokumental bat ondu dutela. Hilaren 27an estreinatuko dute, Tolosako Leidor aretoan.

Gaurtik azaroaren 12ra bitartean izango den Errigorako Euskarari Puzka kanpainaren edizio berrian, Sustraitik espaziora dokumentala ikusteko aukera izango da. Tolosan, urriaren 27an proiektatuko dute, 19:00etan, Leidor aretoan. Adriana Urmeneta (Iruña, 1991) Errigorako kideak eman ditu xehetasunak.

Zer kontatzen du dokumentalak? 

Dokumental honek aukera ematen du Errigora bezalako proiektu nazional bat barnetik ezagutzeko. Errigoraren jarduna, hausnarketak eta udazkeneko kanpainaren errealitatea erakusten ditu hainbat ikuspegitatik: langile, boluntario, kontserba-etxeko ekoizpen-lerro batetik zein bertako euskalgintzaren aldetik. Proiektuaren barne-erraiak erakusten ditu; nola hasi zen, nola doan eta zein jendek parte hartzen duen erakutsiz. Ikuspegi askotatik proiektua ondo azaltzen du.

Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?

Zonaldeko euskalgintza lanean ari da euskara ongi sustraitu eta indartsu loratu dadin. Aurtengo udazkeneko kanpainaren leloa ere hortik dator: Auzolanean euskaraz, sustraitik espaziora. Jendea amestera gonbidatu nahi dugu, hau da, euskara bizirautetik espaziora eraman nahi dugu, puntu utopiko horretatik abiatuta. Udazkeneko kanpaina hori urriaren 24tik azaroaren 12ra arte egongo da zabalik, eta hiru saski mota –beltza, berdea eta gorria– egongo dira aukeratzeko eta eskariak egiteko.

Bestalde, gure beste zutabeetako bat da lehenengo sektorearekin harreman zuzena dugula, eta lurra edo sustraia hitzak erabiltzea oso garrantzitsua dugu Errigoran, lurrak hizkuntza bat behar duelako eta hizkuntza batek ere bere lurra behar duelako. Sustraitze kontzeptuak zentzua ematen dio gure lanari.

«Lurrak hizkuntza bat behar du, eta hizkuntza batek bere lurra behar du»

Nolakoa izan da dokumentalaren sortze-prozesua? 

Uste baino lan handiagoa eskatuko digu; ia bi urte daramatzagu honekin bueltaka. Komunikazio taldeak eta lantalde guztiak hartu dugu parte. Pantaila batean hainbeste bihotz duen proiektu baten sentimenduak eta errealitatea erakustea oso zaila denez, buelta asko eman dizkiogu.

Zergatik da une egokia Errigoraren ibilbidea eta esperientzia ikus-entzunezko lan baten bidez azaltzeko?

Errigora orain dela 13 urte sortutako proiektua da. Jende berriarekin zein jende fidelarekin gehiago konektatzeko helburua genuen. Errigorako saski bat hartzean badakizu hor badagoela ekarpen bat, baina hori materializatua ikusteak beste dimentsio bat ematen dizu. Ikus-entzunezkoaren bidez Errigora bezalako proiektu batek euskaran edota herri mailan izan duen inpaktua hobeto ulertzen eta sentitzen da.

Nola egiten duzue lana Errigoran?

Nafarroako erdialdean eta hegoaldean kokatutako proiektua da, historikoki eta linguistikoki diskriminatua egon den zonaldean. Bertako produktuak Euskal Herri osoan banatzen ditugu, eta horri esker bertako euskalgintzari ekarpena egiten diogu. Hau guztia auzolanari esker da posible: 500 banaketa-gune baino gehiago ditugu Euskal Herri osoan, milaka boluntario eta auzolan erraldoi bat. Horri denari esker, euskalgintzari eta lehen sektoreari ekarpen bat egiteko aukera izaten dugu.

Nola uztartzen dituzue euskara, tokiko produktuak eta ekarpen-sareak?

Gure bi zutabeak elikadura-burujabetza eta euskara dira. Esan bezala, uste dut oso lotuta daudela hizkuntza batek lurra behar duelako, eta lurrak hizkuntza behar duelako. Premisa horretatik abiatuta, uste dugu oso garrantzitsua dela, batetik, lehen sektorearen bultzatzea. Ondoren, proiektu horiek saltzen ditugu euskarari ekarpena egiteko, baina baita ere produkzioa sustatzeko. Eta bestetik, Errigora balioak zigilua dugu lau baliorekin: euskara, auzolana, ekoizleekiko bidezko harremanak eta tokiko produktua (km 0). Zigilu hau gure produktu guztiek dute, eta zigilu horrekin Errigorak ziurtatzen du produktu guztiak euskaraz etiketatuta daudela, bertakoak direla –Nafarroa erdialde eta hegoaldekoak– eta auzolanean egin dela. Beraz, hor ikusi daiteke nola euskara ekoiztetxeetara eramaten dugun zuzenean eta nola produktuak euskaraz etiketatuta ikusi ditzakegun. Guztiok kontsumitzen ditugun zenbait produktu Nafarroan daude. Izan ere, Euskal Herriak sekulako baratzea dauka eta, zergatik ez baliatu gure lurrak ematen digun hori guztia gure hizkuntza sustatzeko edo bultzada bat emateko?

Zer-nolako garrantzia du Nafarroako hegoaldeak Errigoraren identitatean?

Errigoraren identitatea hori da. Nafarroako Argia ikastola itolarrian zegoen eta boluntario talde batek horrelako ekimena martxan jartzeko asmoarekin sortu zuen proiektua duela 13 urte. Egoera horri erantzun bat emateko jaio zen, baina zein arrakasta izan zuen ikusita, Errigora izendatu zuten. Egun, horren parte gara, hortik gatoz eta ekarpenak bertako euskalgintzara doaz.

Errigoraren atzean ekoizleak, boluntarioak, kontsumitzaileak eta beste hainbat eragile daude. Nola lortzen da hainbeste pertsona helburu baten inguruan biltzea?

Egitasmo oso praktikoa delako eta jendeak ekintza zuzena ikusten duelako. Euskaldunok gure izaeran txertatua dugu auzolana eta zerbaiten parte sentitzea; familia bat gara. 

«Euskaldunok gure izaeran txertatua dugu auzolana»

Zenbat aldatu dela Errigora esango zenuke sortu zenetik gaur arte?

Hasieran kanpaina bakarra zen eta orain bi ditugu: udazkeneko kanpaina eta udaberrikoa –azken honetan bertako produktuak bitartekorik gabe saltzen ditugu, hau da, jatorrizko prezioan–. Proiektuaren dimentsioak aldatzen joan dira, txikitasunetik handitasunera igaroz; geroz eta produktu eta ekoizle gehiago gehituz joan dira, baina filosofia bera mantendu da.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

Ekoizpenean erreleboa bermatzea, lurrak eta produktuak mantentzea, produktu ekologiko gehiago izatea eta Nafarroako erdialde zein hegoaldeko euskaldunak normaltasunez euskaraz bizi ahal izatea dira helburu nagusiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!