Argentinan eta Uruguain jokatzen ari diren XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketa amaierara heltzen ari da; dagoeneko erabakita dago ia modalitate guztietako finalak zein selekziok jokatuko dituzten. Eskualdeko bederatzi pilotari eta bi hautatzaile ari dira parte hartzen txapelketan; pilotarietako hiru Espainiako selekzioarekin ari dira, eta gainerakoak euskal selekzioarekin.
Julen Alberdi pilotari zizurkildarra da urrea lortu dezakeen eskualdeko pilotarietako bat. Frontball-ean ari da parte hartzen euskal selekzioarekin, eta atzo, Espainiaren aurkako finalerdia irabazi zuen. 2-1 (10-6, 4-10 eta 5-2) hartu zuen mendean Santi Yaniz nafarra. Espainia zen faboritoa, gaur egungo munduko txapeldunordea delako, baina Alberdi iaz baino prestatuago iritsi da txapelketara, esperientzia eta hilabete askotako lana pilatuta. Lehen jokoan Yanizek ezarri zuen erritmoa, kantxaren erdialdean kokatuta eta pilota airez asko mugituta. Alberdi, ordea, eroso aritu zen defentsan, eta tantoak luzatu zituen. Biek nabaritu zuten nekea, baina zizurkildarrak hobeto eutsi zion, gutxiago huts egin zuen eta gehiago errematatu.
Bigarren jokoan 1-5 aurreratu zen Yaniz. Alberdik arriskatzea erabaki zuen, eta zenbait akats tarteko, 4-10 galdu zuen. Atseden hartzeko baliatu zuen jokoa. Hirugarren eta azken jokoa, bost tantora jokatu zen. Bikain hasi zen Alberdi; Yanizi botea bilatu zion, aireko jokoa ekiditeko. Aurkariaren akatsek eta bere tanto erabakigarriek garaipena eman zioten. Larunbatean jokatuko du finala, gaur egungo txapeldunaren aurka: David Alvarez Stich mexikarra. Txapelketako multzoen faseko bigarren jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka euskal selekzioak eta Mexikok. Mikel Aurrekoetxea Alberdiren taldekideak 0-2 (6-10 eta 5-10) galdu zuen Niño Abraham mexikarraren aurka.
Frontball modalitatean ere, baina emakumezkoetan, Miren Larrarte bidaniarrak atzo jokatu zuen finalerdia Mexikoko Paola Reyesen aurka. 2-0 galdu zuen: 8-10 eta 5-10. Reyesek bere abiadura eta pilotaren kontrola baliatu zituen, eta ia ez zuen hutsik egin. Mirenek tanto asko menderatu zituen, pilota ondo mugitu zuen eta defentsan sendo aritu zen, baina tantoak luzatu ahala akats gehiago egin zituen, eta mexikarrak aprobetxatu. Lehen seta zortzinako berdinketaren ondoren erabaki zen (8-10), eta bigarrenean launako berdinketatik aurrera Reyesek alde egin zuen (5-10). Orain Venezuelaren aurka hirugarren postua izango du jokoan euskal selekzioak. Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga dira euskal ordezkariak, eta Mikel Rafael hautatzaileak erabakiko du bietako nork jokatuko duen.
View this post on Instagram
Lau final, bi aurkari
Edorta De Anta tolosarra pilota egokituan ari da parte hartzen, eta bi finaletara sailkatu da. Gaur, trinketan jokatuko du euskal selekzioak Frantziaren aurka, eta larunbatean selekzio bera izango du aurkari 36 metroko frontoiko finalean. Bi modalitateen multzoen fasean, euskal selekzioak Frantziaren aurka jokatutako partidak galdu zituen, biak ere 0-2. Partida horietan De Antak ez zuen parte hartu.
Iraitz Olaetxea lizartzarra euskal selekzioko eskuzko pilotarien hautatzailea ere banakako eta binakako finaletara sailkatzea lortu du. Bi modalitateetan Espainia izango dute aurkari, bihar. Binaka, multzoen faseko partida guztiak irabazi ditu euskal selekzioak, azkena, Espainiaren aurka: 10-7 eta 10-6. Banaka, berriz, bi partida irabazi eta bat galdu ditu multzoen fasean. Hain justu, Espainiaren aurka 1-2 galdu zuen azken jardunaldian: 10-3, 4-10 eta 1-5. Ligaxkako azken bi partida horiek biharko finalen aurrerapena izan ziren.
Xarean, bi aukera
Munduko Txapelketara azken orduko gonbidapen baten bitartez joan zen xareko euskal selekzioak hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko du gaur, ordubete barru, Argentinaren aurka. Xuban Lopetegi, Markel Mujika eta Oier Iturbe jokalari irurarrak eta Mikel Uzkudun hautatzaile irurarra ari dira euskal selekzioarekin parte hartzen. Multzoen fasean, lau partidatatik bat irabazi dute, azkena, Uruguairen aurkakoa: Iturbek eta Mujikak 2-0 (15-13 eta 15-10) hartu zituzten mendean Moller eta Caffera. Multzoen faseko lehen jardunaldian jokatu zuten argentinarren aurka Lopetegik eta Iturbek, eta 0-2 (6-15 eta 11-15) galdu zuten.
Finalean beste irurar bat izango da: Joxi Lopetegi, Xubanen aita. Espainiako selekzioarekin ari da parte hartzen, eta multzoen fasean, semearen aurka jokatzeko aukera izan zuen; historiarako gordeta geratuko den unea izan zen. Bada, gaur gauean jokatuko du finala Lopetegik Frantziaren aurka. Multzoen faseko lehen jardunaldian irurarrak eta Moncadak 2-0 irabazi zieten frantziarrei: 15-13 eta 15-14.
Urrea, Merinorentzat
Espainiako selekzioarekin eskualdeko beste bi pilotari ari dira parte hartzen, eta haietako batek urrezko domina lortu zuen asteartean. Naroa Merino tolosarrak zesta puntan parte hartu du txapelketan, 54 metroko frontoian. Ez zuen euskal selekzioaren aurkako finala jokatu, baina Erika eta Arai taldekideek 2-0 (9-15 eta 12-15) hartu zuten mendean euskal selekzioa, eta ondorioz, urrezko domina jantzi zuen tolosarrak.
Eneko Maiz billabonatarra da Espainiarekin jokatzen ari den eskualdeko hirugarren pilotaria; trinketan ari da, eskuz banaka eta binaka. Gaur, bi modalitateetako finalak jokatuko ditu Espainiak, biak ere Frantziaren aurka. Maizek, banakakoan jokatu zuen Frantziako selekzioarekin jokatzen ari den Mathieu Ospital baionarraren aurka multzoen fasean, eta 1-2 galdu zuen: 15-7, 7-15 eta 10-4.
Eskualdeko pilotari eta hautatzaileek dominak lortzeko jokatuko dituzten partiden datak eta ordutegiak (Euskal Herrikoa):
- Urriak 22, osteguna.
- 17:00. Xarea, hirugarren eta laugarren postua: Euskal selekzioa vs. Argentina. Xuban Lopetegi, Markel Mujika, Oier Iturbe eta Mikel Uzkudun.
- 20:00. Eskuz banaka, trinketan, finala: Espainia vs. Frantzia. Eneko Maiz.
- 21:00. Eskuz binaka, trinketan, finala: Espainia vs. Frantzia. Eneko Maiz.
- 22:00. Xarea finala: Espainia vs. Frantzia. Joxi Lopetegi.
- 22:00. Pilota egokitua, trinketan, finala: Euskal selekzioa vs. Frantzia. Edorta de Anta.
- Urriak 23, ostirala.
- 19:00. Eskuz banaka, frontoian: Euskal selekzioa vs. Espainia. Iraitz Olaetxea.
- 20:00. Eskuz binaka, frontoian: Euskal selekzioa vs. Espainia. Iraitz Olaetxea.
- Urriak 24, larunbata.
- 14:00. Frontball-a emakumezkoak, hirugarren eta laugarren postua: Euskal selekzioa vs. Venezuela. Miren Larrarte.
- 17:00. Frontball-a gizonezkoak, finala: Euskal selekzioa vs. Mexiko. Julen Alberdi.
- 19:00. Pilota egokitua, frontoian, finala: Euskal selekzioa vs. Frantzia. Edorta De Anta.
Partidak ikusteko, egin klik esteka honetan.
